ELAk Rajoiren gobernua Garoñaren bizitza luzatzearekin enpresa elektrikoen zerbitzura jarri dela salatu du

2012/02/20
Asteburuan Jose Manuel Soriak, Industria Ministro espainiarrak, Garoña 2019 arte irekita mantentzeko erabakia jakinarazi du. ELAk erabaki honen arduragabekeria eta atzean dauden interes ekonomikoak salatzen ditu. Elkarretaratzea izango da Bilboko Iberdrolaren Dorrearen inguruetan.

Euskal Herritik oso gertu, Gasteizetik 45 kilometrora eta Bilbotik 80 kilometrotara dagoen Garoñako zentral nuklearra estatuan dagoen zaharrena da eta duela urtebete Japonian hondamendi nuklearra eragin zuen Fukushimako zentralaren teknologia berdina dauka. Zentralaren 40 urteko bizitzan zehar hainbat akats izan ditu, batez ere azken urteetan, baina hau ez da eragozpena izan estatuko zentral nuklear zaharkituena irekita mantentzeko. Inguruko populazioak (zentraletik 100 kilometroraino bizi direnak) arrisku bizia du desastre nuklear bat sufritzeko.

Baina badirudi hau ez dela nahikoa arrazoi. Nuklenor enpresaren eta honen atzean dauden Iberdrola eta Endesa enpresen etekin ekonomikoa gure gainetik daude. Garoñak sortzen duen energia apurra beste energia iturri batzuetatik lortu daiteke beraz ez da beharrezkoa. Irekita mantentzeko arrazoi bakarra ekonomikoa da.

Fukushimako desastrearen urteurrenaren eta Garoña irekita mantentzearen erabakiaren aurrean, hurrengo asteetan hainbat mobilizazio deitu ditugu hainbat eragile sozial eta sindikalek. Lehena bihar, otsailak 21, Iberdrola Dorrearen aurrean (Euskadi Plaza, Bilbon) egingo dugu goizeko 11:30etan dorrearen inaugurazioa dela eta. Fukushimako istripuaren urteurrena dela eta martxoaren 10ean manifestazioa deitu dugu Garoñaren itxiera eskatzeko, Bilboko Jesusen bihotzetik abiatuko da 17:30etan. Hain larria den egoeraren eta erabakiaren aurrean ELAk mobilizatzera deitzen du.