ELAk salatu du Hego Euskal Herriko energia eredua dela egungo energia krisiaren erantzulea

2022/07/18
ELAren ustez, Hego Euskal Herriko eredu energetikoa da egungo krisi energetikoaren erantzulea, eta deitoratu du gobernuek ez dutela interesik trantsizio energetiko justua egiteko. Sindikatuak dio energia-krisia egiturazkoa dela, eta energiaren egungo egoera, aldakorra eta kezkagarria, ez dela soilik Europako gerraren ondorioz gertatu.

Sindikatuak gogorarazi du gerrak agerian utzi duela herrialde batzuek natura-baliabideekiko duten mendekotasuna, baina arazoa aspaldikoa dela. Izan ere, gure energia-eredua kanpotik ekartzen dugun energia fosilean oinarritzen da, beraz, mendekotasun bikoitza dugu. EAEn kontsumitzen dugun energiaren %90 kanpotik dator; Nafarroan, %79.

“Gure ereduak, petrolioan eta gas naturalean oinarrituak, ahulago egin gaitu mundu mailako egoera geopolitikoarekiko. Bi energia-iturri horiek dira inflazioan eragin handiena dutenak. Baina azken hilabeteetan inflazioaren aurka hartutako neurriek ez dute arazoa konponduko”, kexu da.

ELAren ustez trantsizio energetikoa da konponbidea. Azken urteetan Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak behin eta berriz esan dute trantsizio energetikoan aurrera pausuak eman ditugula, baina atxikitako txostenean garbi ikus daiteke duela 10 urte genuen eredu energetiko berdina dugula, alegia, ez dela egon aurrerapausorik. “Gobernuen aldetik ez dago benetako interesik bidezko trantsizio energetikoa bultzatzeko”, dio sindikatuak.

Egoera honen aurrean ELAk bidezko trantsiziorako zenbait proposamen egin ditu:

  • Energia kontsumoa gutxitu, energia berriztagarrietan oinarritutako sistema garatu eta elektrifikazioa bultzatu.

  • Berriztagarrien megainstalazioen aurrean, azpiegitura deszentralizatua eta gertukoa garatu. Autokontsumoak gero eta indar handiagoa izan behar du.

  • Pertsona eta merkantzien garraioa elektrifikatzea ezinezkoa izango denez, garraioa gutxitu beharko da. Alde batetik tokiko ekonomia bultzatuz, eta bestetik garraioa kolektiboa, publikoa eta elektrikoa izanik.

  • Industria sektore guztiak ezin direnez elektrifikatu, eraldaketa sakonago bat egon beharko da. Ekoizpen eredua aldatu behar da, ekonomia birkokatuz eta ekonomia zirkularrean oinarrituz.

  • Gainbeheran izango diren industria sektoreetako enplegua sektore iraunkorretan sortu behar da: energia berriztagarriak, elikadura burujabetza, eraikinen birgaitzea…

Irakurri txostena