ELAk salatzen du patronalak ez duela beregan hartzen sortutako hondakin arriskutsuen ardura

Batetik Zaldibarko luiziaren ondoren beraien zaborra zabortegietara eramatea garestiagoa dela eta hau ezin dela horrela izan adierazi dute. Bestetik, Ingurumen Sailak hondakin industrialei ekotasa bat ezarri behar zaiela adierazi dutenean sektore estrategikoei egingo zaien kaltea salatu dute. Txinarekin ezin dutela konpetitu esanez, langileen lan baldintzak okertzeko erabiltzen dituzten argudio berberak erabiltzen ari dira.
Esan behar zaio patronalari, Zaldibarren ikusi dela orain arte egiten zen industria hondakinen kudeaketa oso txarra, ingurumen eta osasunarentzat kaltegarria, eta merkeegia zela. Enpresek ez dute sortzen dituzten hondakinen gestio egokia egiteko behar den dirua inbertitzen eta zabortegi pribatuek berain artean duten konpetentziaren ondorioz zituzten prezio baxuen onuradunak izan dira. Ekotasa herrialde askotan dagoen zerga da. Birziklapena bultzatzeko eta hondakinen kudeaketan eragiten diren hainbat kalte ordaintzea da bere xedea. Zaldibarren ikusi dugu kalteak izugarriak direla eta adierazpen hauek erakusten dute patronalak ez duela sortzen dituzten hondakinen erantzukizunik hartu nahi. Baina hondakinak sortzen dituenarenak dira eta enpresak dira modu egokian kudeatu behar dituztenak, eta hau horrela izateko ordaindu behar dutenak. Orain ez dute garestiago ordaindu behar, orain benetan kostatzen dena ordaindu beharko dute.
ELAk hondakin industrialei ekotasa eta kontrol zorrotza berehala ezartzea exijitzen du.