ELAk salatu du Zaldibarko zabortegiaren auzian Ingurumen Saileko 3 teknikari ikertu bezala deitzeak Eusko Jaurlaritzak asumitzen ez duen erantzukizuna erakusten duela

2022/11/14
Durangoko epaitegiak Zaldibarko auzian Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko 3 teknikari ikertu gisa deituko ditu. Teknikari hauen lana zen zabortegiaren funtzionamentua egokia zela ziurtatzea eta kontrol lana egitea.

Ingurumeneko eta osasun publikoko ustezko delituengatik Durangoko Epaitegian Verter Recycling enpresako arduradunen aurka irekia dagoen prozesu judizialean izan dira deituak Eusko Jaurlaritzako teknikariak. Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskapen Zerbitzuko teknikariak dira eta Verter Recycling enpresari 2011n Ingurumen Baimen Bateratua ematearen prozesuan parte hartu zuten, zabortegia martxan jartzea ahalbideratuz. Teknikarietako batek programatutako ikuskapenetan parte hartu zuen 2017an eta horrgatik ere ikertua izango da. Beraz, zabortegia behera etorri aurreko lanengatik Eusko Jaurlaritzako teknikariak ikertuak izango dira.

Aurretik ere jakina zen egoeraren berri bazutela, zabortegia behera etorri baino egun batzuk lehenago hainbat bilera egin baitziren arriskuaz ohartaraziz. Hainbat txosten ofizialetan jaso ziren araudiaren arrisku eta ez-betetze mailak, eta ez zen jarraipenik egin konponduta zeuden ala ez jakiteko.

ELAren ustez, prozusu honetan Eusko Jaurlaritzako teknikariak ikertu bezala deituak izatea aurrerapausu bat da eta exijitzen dugu prozesu honen bukaeran Eusko Jaurlaritzak dagozkion ardura politikoak beregain har ditzala.