ELAk Zaldibarren gertatutakoaz informatzeko kanpaina abiarazi du

2020/02/27
Zaldibarren gertatutakoa benetan larria eta onartezina da. Zaborraren kudeaketa iruzur handi bat da. Beharrezkoa da herritarrek gertatu dena jakitea eta ardurak dituztenek erantzutea. Horregatik ELAk kanpaina bat egingo du langile eta herritarrei gertatutakoa azaldu eta erantzukizunak eskatzeko.
  • Bi langile desagertuta daude oraindik. Bilaketa lanak lehentasuna izan beharko lukete Eusko Jaurlaritzarentzat, baina ez da horrela izan.

  • Verter Recyclingek kudeatzen zuen Zaldibarko zabortegiak ez zuen hondakin arriskutsuak jasotzeko baimenik, baina industriako hondakin arriskutsuak hartzen zituen.

  • Bertara botatzen ziren hondakin batzuk zuzenean isurtzen ziren, aurretik tratatu gabe. Hau guztiz debekatua dago.

  • Amiantoa jasotzeko baimena bazuten, baina ez zen behar den protokoloa jarraituz egiten.

  • Luizia gertatu eta berehala agintarien lehentasuna A-8 autobidea irekitzea izan zen, ez bilaketa lanetara joan zirenen segurtasuna eta osasuna bermatzea. Autobidea ireki arte ez ziren lanak gelditu beharrezkoak ziren segurtasun neurriak hartzeko.

  • Inguruko herrietako biztanleei informazioa ukatu zaie lehen egunetik eta lehen azalpenak -oso eskasak, bide batezeman dira airearen neurketek emandako emaitza txarren ondoriozko gomendioen ondoren, eta herritarrak mobilizatzen hasi direnean.

  • Herritarrei emandako aholkuak zeintzuk izan diren ikusita, luiziaren inguruko lantoki eta enpresetan lanean ari diren pertsonek ere arnaserako babes-neurri espezifikoak erabili behar dituzte. Hala ere, erakunde publikoek ez dute inongo araurik ezarri luiziaren inguruan lanean ari direnak babesteko.

  • Lehendakariak eta inplikatutako sailburuek Legebiltzarrean egindako agerraldian ez zuten azalpenik eman, ordurarte eginiko kudeaketa -kudeaketa txarra- justifikatzera joan ziren soilik. Bitartean isiltasunaren legea ezarri nahi izan die Ingurumen Saileko langileei.

  • EAEn dauden 15 zabortegietatik 5 bakarrik dute kudeaketa publikoa. Besteak enpresa pribatuen esku daude, eta beraien irabazi gose basatiaren menpe. Zenbat ote daude Zaldibar bezalakoak? Ez dakigu, ez baita horrelako informaziorik eman nahi.

  • Ingurumen Sailaren betebeharra da Zaldibarko zabortegiaren kontrola, ikuskaritza eta behar denean zigortzea. Ez du bere lana egin eta ezbehar honen erantzule da. 2019an eginiko ikuskatzean 23 akats antzeman ziren eta oraindik zuzendu gabe zeuden, gai hau ez dagoelako administrazioaren lehentasunen artean.

  • Hondakin sorrerarekin dugun arazoaz aspaldi ohartu ginen arren, administrazioek ez dute ezer egiten honi aurre egiteko. Ekonomia zirkularraz hitz egiten ari diren bitartean, hondakin industrialak eta arriskutsuak Zaldibarren ezkutatzen zituzten.

  • 2018an 3,5 milioi tona hondakin industrial ez arriskutsu eta 320.000 tona hondakin arriskutsu sortu ziren EAEn. Hauetako askok Zaldibarren bukatu zuten. Eta orain nora eramango dira hondakin guzti hauek? Beharrezkoa da hondakin sorrerari muga jartzea. Hondakin gehiegi sortzen dugu eta arriskutsuak dira.

Zaldibarren gertatuak zaborraren kudeaketaren atzean zer dagoen erakutsi digu. Urteak daramatzate ingurumenaren eta herritarron osasunaren kontura negozioa egiten. Aski da. Zaldibar argitu!

 

Ikusi eskuorria