ELAk dio “lotsagarria” dela COP27 gailurrean adostu dena

2022/11/21
ELAk uste du, larrialdi ekologikoaren eta energetikoaren dimentsioa kontuan hartuta, COP27n onartutako erabakiak “lotsagarriak” direla. Sindikatuak deitoratu du berotegi-efektuko gasen isurketa mugatu beharrean, horiek eragindako kalteei aurre egiteko funts bat sortzea adostu izana. “Ikusiko dugu eragindako kalteen ordainketa betetzen den”, ohartarazi du.

Aurten, COP27, Klima Aldaketaren aurkako Nazio Batuen goi-bilera, inoiz ikusi gabeko krisi ekologiko eta energetiko baten erdian egin da. “Testuinguru horretan pentsa zitekeen orain arte egin dena baino zerbait gehiago egingo zutela”, azpimarratu du ELAk. Azken bi asteetan, herrialde gehienen diskurtsoetan entzun dugu egoera jasanezina dela eta kalteak gero eta ugariagoak eta larriagoak direla. Inork ez du zalantzan jarri, ahoz behintzat, 1,5º C-ko berotzearen muga mantendu egin behar dela eta premiazkoa dela neurriak hartzea. Diagnostikoan ia denok bat gatozen arren, azken bi egunetan COP27k bere benetako aurpegia erakutsi du, betikoa: ez da berotegi-efektuko emisioen murrizketa gehiago adostu, ez da energia fosilik ez erabiltzeko konpromisorik onartu, eta eragindako kalteak ekonomikoki konpontzea baino ez da proposatu. Eta azken hori ere zalantzazko proposamena izan da, ez baita zehaztu herrialde ahulenetan galerak ordaintzeko funtsaren mekanismoa, beti hurrengo COP28rako utzi den bezala.

Herrialde askok garaipentzat hartu dute funts horren sorrera, batez ere estatu-uharteek. Urteak daramatzate justizia klimatikoa eskatzen, haiek eragin ez dituzten klima-aldaketaren ondorio negatiboenak pairatzen baitituzte. “Baina Nazio Batuek funts hori erabiltzen dute txanponaren beste aldea estaltzeko.

Emisioak murrizteko ezer ez egitea eta horiek sortzen dituzten energia fosilak erabiltzeari uzteko neurririk ez hartzea estali behar da”, azaldu du ELAk.
Sindikatuak urteak daramatza bidezko trantsizio energetikoa eskatzen. “Inoiz ez dugu espero izan gailur batean benetako konponbideak hartzea. Baina egungo krisi energetiko eta ekologikoaren aurrean, inoiz baino larriagoa, onartezina da salatzea besterik ez dago, azpimarratu du.
Bien bitartean, ELAk berretsi du jarraituko duela trantsizio ekosoziala bultzatzen eta eraikitzen, beharrezkoa delako justizia soziala oinarri duen trantsizioa eta hori gauzatzeko alternatibak badirelako.