Elektrizitate eskaera handitzeak ez du esan nahi pertsonen beharretara egokitutako energia trantsizioa egiten ari denik

Energiaren Nazioarteko Agentziaren 2023ko Elektrizitatearen Merkatuaren Txostenaren arabera, hurrengo urteetan munduko elektrizitate eskaeraren hazkundea azkartzea espero da. Hauek dira egin dituzten aurreikuspenak:
• Energia berriztagarriek munduko elektrizitate horniduraren hazkundean lidergoa izango dute hurrengo hiru urteetan.
• Energia berriztagarriek eta energia nuklearrak beteko dituzte 2025era arteko munduko elektrizitate eskaeraren hazkundearen zatirik handiena.
• Aurreikuspen horiekin nekez handituko dira energia sektorearen karbono emisioak.
• Munduko elektrizitate eskaera %3ra igotzea espero da hurrengo hiru urteetan.
• Asian hazten ari diren ekonomiak dira hazkunde erritmo hori bultzatzen ari direnak.
• Datozen hiru urteetan, munduko elektrizitate eskaeraren %70 baino gehiago Txina, India eta Asia hego-ekialdetik etorriko dela espero da.
• Munduko elektrizitate kontsumoan Txinak duen kuota handitu egingo dela aurreikusten da, 2025ean kontsumoaren herena izatea lortu arte; 2015ean, laurdena izan zen.
• Ekonomia aurreratuek elektrizitatearen erabilera handitzen saiatzen ari dira, erregai fosilen erabilera gutxitzeko garraioan, berokuntzan eta industria sektoreetan batez ere.
Datu hauek ikusita, pentsa liteke energia trantsizioa martxan dagoela, eta gure bizimodua aldatu gabe ari dela gauzatzen gainera. Baina errealitatetik urruti dago oso.
Etorkizuneko aurreikuspenak egiteaz gain, honelako baieztapenak ere egiten baitira: “Albiste ona da energia berriztagarriak eta energia nuklearra behar bezain azkar hazten ari direla gehiegizko eskaera hori asetzeko, eta, beraz, energia sektorearen emisioen inflexio puntutik gertu gaude. Gobernuek, orain, beharrezkoa dute emisio gutxiko iturriak are azkarrago garatzea eta emisioak murriztea, munduak elektrizitate hornidura segurua bermatu eta helburu klimatikoak lor ditzan”.
ENAk ontzat ematen du energia nuklearra energia fosilaren ordezko gisa. Ontzat ematen da berotegi efektua eragiten duten gasen emisioa ez handitzea, baina ez da aipatzen emisioak murriztu behar direnik, kalte itzulezin larriak eragiten ari diren arren. Eta, gainera, gobernuei energia berriztagarriak askoz gehiago garatzeko eskatzen zaie, energia berriztagarria garatzeko zein eredu erabiliko den kontuan hartu gabe.
Egin nahi dutena hain argi azaltzen duten txosten horiek erakusten dute energia trantsizioaren aldeko diskurtso guztiak ez direla onargarriak. Trantsizioa egitea bezain garrantzitsua da nola egin erabakitzea. ELAk argi dauka trantsizio energetikoa behar dela, baina pertsonen eta gizartearen beharrak kontuan hartuta egin behar da, eta ez oligopolioaren negozioa betikotzeko, azken hori fosila, nukleara edo berriztagarria izanda ere.