Elektrizitatearen faktura. Inork ulertzen ez duen hori (ez kasualitatez)

Ba al zenekien industrian kontsumitzen den elektrizitatea merkeagoa dela gure etxeetan kontsumitzen dena baino? Eta elektrizitate gutxiago kontsumitzea prezio altuagoarekin zigortzen dela?
Espainiar Estatuko elektrizitatearen fakturak egitura konplexua dauka, modu sinplifikatu batean ondoko eskemarekin irudikatzen dena.
Elektrizitatearen fakturak bi elementutan oinarritzen da: energia terminoan eta potentzia terminoan. Energia terminoa fakturazio epean kontsumitutako elektrizitatea da . Osagai honetan kontsumitzaileak elektrizitatearen koste zuzena ordaintzen du, barne daude beste zeharkako koste batzuk ere: ahalmenaren araberako ordainketa, elektrizitate berriztagarriaren ordainsari erregimenaren kostea, kogenerazioa eta hondakinen balorizazio energetikoa. Beste osagaia, potentzia terminoa, kontsumitzaileak kontratatuta duen potentzia da, eta sistemaren beste zeharkako beste koste batzuk ordaintzeko balio du: garraio eta banaketa sarea, sistemaren operadorearen funtzionamendua edo komertzializatzen duenaren irabazi marjina. Aurreko guztiari elektrizitatearen zerga gehitzen zaio —zerga berezi deiturikoetako bat —, eta BEZa.
Elektrizitatearen faktura inoiz ez da zero, kontsumitzaileak beti ordaindu behar baitu, gutxienez, kontratatutako potentziaren arabera kalkulatzen diren zeharkako kosteak — potentzia terminoa—, eta honi dagozkion zergak.
Beste injustizia bat erabiltzaileok elektrizitateagatik ordaintzen dugun prezioa da. Industrian kontsumitzen den elektrizitatearen prezioa etxeetan kontsumitzen dena baino baxuagoa da eta elektrizitatearen kostea gutxika jaisten joaten da kontsumoa igotzen den heinean. Etxeko kontsumoetan, gutxien kontsumitzen den taldean, gehien kontsumitzen dutenen prezioa bikoizten da. Hau da, gutxiago kontsumitzea merkeagoa da gehiago kontsumitzea baino! Eta kontsumo industrialetan ezberdintasun hau laukoitza da.
Eta zer gertatzen da herrialde europarretan? Europar Batasunean (EB27), kontsumo gutxieneko taldeko prezioa espainiar Estatuan baino baxuagoa dute. EB27an ere elektrizitatearen prezioa kontsumoa igotzean murriztu egiten da, batez ere kontsumo industrialetan.
Laburbilduz, azken urteetan sufritu dugun elektrizitatearen prezioaren %70eko igoerak ez du balio izan prezioen igitura erregresiboari buelta emateko. Ez da energia aurreztea eta efizientzia energetikoa sustatzen eta kontsumitzaile txikiak zigortzen dira. Horregatik ELAk enpresa handiei eta hauen mesedetan diharduten gobernuei exijitzen die neurri zorrotzak hartzeko fakturaren egitura aldatu, sozialki erregresiboa izateari utzi, gero eta gehiago sufritzen den pobrezia energetikoari aurre egin eta herritarrontzat justua den sistema bat ezartzeko. Energia eskubidea delako eta ez pribilegio bat.