Elektrizitatearen prezioaren igoeraren aurrean, sektore energetikoaren publifikazioa ezinbestekoa

2021/09/17
Azken asteetan argindarraren prezioak errekorrak markatu ditu behin eta berriro. Igoera honek eragin sozial handia du eta bereziki sarrera urrienak dituztenei egiten die kalte. Inoiz baino gehiago ordaintzen ari gara, eta ihazko prezioaren bikoitza gainditu du jada. Neurrigabeko prezioak energia enpresa handiak ezartzen dituzte, azken 25 urteetan estatuko gobernu ezberdinek eman dieten botereari esker noski.

Guztiz liberalizatu eta pribatizatu zuten sektorea eta ondoren enpresa elektriko handien interesen neurrira joan dira sistema egokitzen. Onargaitza da, beraz, politikariak egoerarekin kexu azaltzea orain eta enpresa elektrikoei leporatzea gertatzen ari dena, aurretik nahi zuten guztia eman baitiete.

Egoera honen aurrean estatuko gobernuak hasiera batean iragarri zituen lehen neurriek zerga jaitsiera soilik suposatzen zuten. Neurri hauek guztiz bidegabeak dira, diru bilketa jaisteak murrizketak ekarriko baititu beste arlo batzuetan. Enpresa elektriko handiek ez dute kexurik izan neurri hauen aurrean, beraien irabaziak ikutzen ez zirelako. Baina azken asteetako prezio eskandalagarrien aurrean, enpresa elektrikoen irabaziak denbora batez mugatzeko neurriak iragarri dituzte azkenean. Hurrengo sei hilabeteetan energia hidroelektrikoa eta energia nuklearra sortzen dutenei 2600 milioi euroko irabaziak kenduko dizkiete. Zerutik jausten zaizkien irabaziak dira hauek, gasaren prezioaren igoerari lotuak baitaude, eta bi energia sorkuntza hauetan ez da gasik erabiltzen. Urteak daramatzate prezioak ezartzeko sistemari esker izugarrizko irabaziak izaten, eta orain neurri hauek ezagutzean, enpresa elektrikoek mafien pareko jarrerarekin erantzun dute zentral nuklearrak itxi eta herritarron energia hornikuntza kolokan jartzearekin mehatxu eginez, eta egun batetik bestera elektrizitatearen prezioa 20 euro igoz, etenik ez duen bidegabekeria honetan. ELAk urteak daramatza enpresa elektrikoen praktika mafiosoak salatzen, eta azken orduetan gertatzen ari denak argi utzi du ez genbiltzala oker.

Elektrizitatearen prezioaren aurreko igoeretan bezala, eta dagoeneko gehiegi izaten ari dira, prezioak finkatzeko sistema erabat injustua dela salatzen dugu, soilik oligopolio elektrikoaren etekinak puzteko logikaren baitan uler daitekeela eta neurriak behin betiko hartu behar direla. Hilabete gutxi batzuetarako partxeek ez dute oinarrian dagoen injustizia konpontzen. Gertaera guzti hauen aurrean, ELAk zera exijitzen du:

  • Energia sektorearen publifikazioa, kontrol publiko eta sozialaren pean jarriz.

  • Energiarako eskubidea aitortzea oinarrizko eskubide unibertsal gisa.

  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea, sortzen den energia guztia ez dadin ordaindu iturririk garestienaren prezioaren arabera.

  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.

  • %21eko BEZa behin betiko jaistea.

Energia merkatu-logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea da gure borroka. Pairatzen ari garen krisi sozial honen aurrean mobilizatzea ezinbestekoa izango da eta ELA kalean egongo da oinarrizko eskubide hau defendatzen.