Elikadura burujabetza gure esku izateko alternatibak

Baina hasteko elikadura burujabetza zer den gogora ekarriko dugu. Elikadura burujabetzaren helburu nagusiak hauek dira:
- Pertsonen elikadura segurtasuna bermatzea, hau da, bizirauteko behar ditugun elikagaiak ziurtatuta izatea.
- Kalitatezko eredu osasuntsu bat lehenestea. Elikagaien ekoizpena, banaketa eta kontsumoa ekonomikoki, sozialki eta ingurumen ikuspuntutik modu jasangarrian eginez.
Elikadura burujabetzak elikagaiak ekoizteko eta merkatuak inposaturiko baldintzen aurka borrokan diharduten nekazariak eta produktuak kontsumitzen ditugun pertsonak sistemaren erdigunean jartzen ditu. Tokian tokiko zirkuituak lehenetsiz, eta munduko gosearekin bukatu dezaketen bakarrak merkatuak eta merkataritza internazionalak direla dioen mitoa hautsiz. Eredu honek garraioaren murrizketa suposatzen du, eta ondorioz, mundu mailako berotegi efektuko gasen (BEG) zati handi batena ere bai.
Elikadura burujabetza aukera bideragarria da. Munduko Bankuak beste erakunde batzuekin eginiko txosten berriak egiaztatu du. Ekoizpen agroekologikoak ekoizpen transgenikoak baino hobeto bermatzen du elikaduraren segurtasuna, txiroenei elikagaiak eta diru sarrerak emanez eta gainera merkaturako soberakinak sortuz.
Denok egin dezakegu zerbait sistema global injustu hau sistema lokal jasangarri bihurtzeko. Gure kontsumo ohiturak aldatu ditzagun. Gure elikadura beharrizanak mekanismo jasangarriak erabiliz hornitu gaitzaketen baserritarrak ditugu inguruan. Baserritarrei erosiz beraien biziraupena bermatzen diegu, eta ingurumenari onura egiten diogu mekanismo agroekologikoak babestuz. Alternatiba honekin baserritarrek beraien erabakiak hartzea eta agroindustriarekiko duten mendekotasuna haustea ahalbidetuko dugu. Hau guztia tokian tokiko produktu osasuntsuagoak eta kalitatezkoak erosiz, bi aldeentzat bidezkoagoak diren prezioekin. Jango duguna erabakitzeko eta elikadura burujabetza izateko aukera ezberdinak ditugu:
- Tokian tokiko merkatu tradizionalak: Aukera tradizionala da. Herri eta hiri gehienetan daude baserritarrak beraien produktuak zuzenean saltzen dituzten merkatuak. Produktu hauek garaian garaikoak eta modu tradizionalean ekoiztuak izaten dira. Produktuak bertako hazietatik datoz, ez dira transgenikoak eta gure arbasoetatik jasotako teknikekin landu dira, batzuk modu ekologikoan.
- Kontsumo taldeak: Talde hauek asko ugaritu dira azken urteetan. Nekazal eta elikadura sistema industrialari ihes egin nahian, ekoizle eta kontsumitzaileak kontsumo taldeetan elkartu dira bertako produktuak batzuk saldu eta besteak eskuratzeko. Taldeko kide bakoitzak astean garaian garaiko produktuz osaturiko otarra bat jasotzen du, taldea hornitzen duen baserritarrak ekoiztutakoa. ELAn badugu kontsumo talde bat.
- Denda kooperatiboak: Aukera hau azken urteetan zabaltzen ari da. Kontsumo taldeekin bateragarria, eta batez ere kontsumo taldearen funtzionamendua ongi ez datorkionarentzat egokia. Denda forma duten kontsumitzaile edota ekoizle eta kontsumitzaileen elkarteak dira. Kontsumitzaile-bazkideek, baita kontsumitzaile zein ekoizleen artean, hartzen dituzte erabakiak, eta bertan erosteko betebehar bakarra bazkide izatea da. Agroekologiaren baitan produzitutako jaki osasungarriak eskuratzeko aukera ona da, bertako produktuek dute lehentasuna, baina hemen ekoizten ez diren produktuak ere eskuratu daitezke. Hainbat elkarte-denda daude jada Euskal Herrian: Landare Iruñean, Bioalai Gasteizen, Ereindajan Arrasate eta Bergaran (kasu honetan Ekoizle eta Kontsumitzaile Elkartea da), Labore Irun eta Oiartzunen, eta sortu den azkena Labore Bilbon (Santutxun). Azken honek 4 hilabeteko ibilbidea du eta dagoeneko 350 bazkide ditu, hala ere ekainerako 500 bazkide izateko kanpaina martxan dute, kopuru horrekin errentagarritasun ekonomikoa gertuago izango baitute.
Aukeratu zein den zuri hobekien datorkizun eredua eta elikadura burujabetza gauzatu dezagun. Denon mesederako den eredua.