Elikadura Burujabetza: osasuna, ingurumena eta lan baldintza hobeetarako bidea (iritzia)

2011/02/24

Gaur egun pairatzen ari garen (eta langileok eragin ez dugun) krisia ez da soilik ekonomikoa, gizartearen eta ingurumenaren krisi sakonak ere eragin ditu. Langileen eskubideei eta lan baldintzei egin zaien erasoa, zerbitzu publikoen murrizketa neurrigabeak, baliabide naturalen gehiegizko erabilera eta neurri gabeko ingurumen kaltea eta kutsadura dira orain jasan behar ditugun ondorioak.

Egoera hau aspalditik, krisi “ofizialaren” aurretik, jasaten ari zirenetako batzuk nekazariak izan dira. Eta krisialdi honek beraien egoera jasanezina izatea eragin du, Euskal Herrian sektore hau ia desagerpeneraino eramanez.

Mundu mailan funtzionatzen duen nekazal eta elikadura sistemak erabat zapaldu du betidanik egin den nekazaritza eredu lokala, eta sistema intentsibo eta industriala inposatu du. Sistema honek ahalik eta merkeen ekoiztea du helburu, kalitatea, osasuna eta langileen bizi baldintzak kontuan izan gabe. Sistema honek ekoizten dituen produktuak milaka kilometro egiten ditu gure eskuetara iritsi aurretik, garapen bidean dauden hegoaldeko herrialdeetan ekoizten baitira eskulan merkeagoa eta ingurumen lege malguagoen bila. Honek gehiegizko garraioa eta berotegi efektuko gasen (BEG) emisio izugarriak dakartza berarekin, klima aldaketaren arazoa areagotuz.

Gaur egungo nekazal politikek ez diote arazoari aurre egiten eta defendatzen duten sistema intentsiboa eta industriala da. Euskal Herrian kalitatearen apustua ere egiten da Kalitatezko Labela eta Jatorrizko Izendapena bezalako etiketekin. Baina hauek kalitate estandar eztabaidagarriak erabiltzen dituzte, ez dira beti ekologikoak izaten eta langilearen baldintza eta eskubideak ez dituzte bermatzen.

Sistema krudel eta jasanezin honi aurre egiteko badago alternatiba: elikadura burujabetza. Bere helburu nagusiak elikaduraren segurtasuna eta kalitatezko eredu osasuntsua bermatzea dira, beti ere produkzioa, banaketa eta kontsumoa jasangarriak izanik ikuspuntu ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik. Eredu honen lehentasuna nekazaria da, zeinek merkatuak inposaturiko baldintzen aurka eginez elikagaiak ekoizten dituen zirkuitu lokaletan lan mugituz.

Munduko Bankuak eginiko azterketa batek ondorioztatu zuen ekoizpen agroekologiko honek diru sarrerez eta elikagaiez hornitzen dituela nekazariak, merkaturako soberakinak ere ekoiztuz. Eta elikadura segurtasunaren bermatzaile hobea dela ekoizpen transgenikoa baino. Nekazal ekoizpen txiki eta lokalak errendimendu handiago du eta tokian bertan kontsumitzen bada erregai fosil gutxiago erabiltzen du. Beraz klima aldaketari eta munduko pobrezia eta goseari aurre egiteko tresna ezin hobea da.

Beharrezkoa da zirkuitu motzen aldeko apustua nekazal sistema globalizatuarekin apurtzeko. Bitartekariak ekidin eta kontsumitzaile eta ekoizlearen arteko erlazioak finkatu behar dira, bien arteko konfiantza eta ezagutzan oinarrituko diren erlazioak. Sistema honek landa eta hiriaren arteko elkartasunerantz eramango gaitu, ingurumena eta paisaia zainduz eta langilearen baldintza duinak bermatuz.

Gu geu hasi behar gara sistema hau aldatzen gure erosketa ohiturak aldatuz. Denok ditugu inguruan modu jasangarrian ekoizten duten baserritarrak: tokian tokiko merkatuetan, kooperatiba agroekologikoetan, astero elikagai osasuntsuz beteriko otarra bat eskuratzen duten kontsumo taldeetan,… Horrelako taldeetan parte hartzeko inguruan ditugun kontsumitzaile eta baserritarren elkarteetara jo dezakegu: EHNE, Biolur, Nekasarea, Basherri (Gipuzkoa),…

ELAk administrazioari nekazari txikiak babestuko dituen eta tokiko merkataritza erraztuko duten legeak bultzatzea exijitzen dio. Nekazal enpleguak arrisku larrian daude Euskal Herrian. Baserritarrei duintasunez bizirauten lagundu behar diegu, bide batez ingurumena ere babesten dugun bitartean.