ZALDIBAR ARGITUZ

Elkarretaratzea Durangoko epaitegiaren aurrean

2023/04/20
Apirilaren 20an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratu dute Durangoko epaitegian, Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren harira, ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian. Ikertu gisa deklaratu dute, ustez prebarikazioa egin zutelakoan. Gai honetan ardurak exijitzeko Zaldibar Argituz ekimenak elkarretaratzea deitu du epaitegiaren aurrean.

Hondamendia gertatu eta hiru urte baino gehiago igaro behar izan da Eusko Jaurlaritzako norbait epaitegira eramateko deklaratzera. Zaldibar Argituz ekimenaren arduradunen ustez, horixe bakarrik nahikoa da ondorioztatzeko gauzak asko hobetu daitezkeela. “Harrigarria egiten zaigu hiru urte baino gehiagoan zabortegia kontrolatu behar zuen erakundeko inor ez pasatu izana epaitegitik. Horrenbestez, gustatuko litzaiguke gaurko deklarazioak lehen urratsa izatea Eusko Jaurlaritzaren ardurak zehazten hasteko, ez baitugu uste teknikari horiek baino ez izatea ardurarik zabortegiaren gaineko kontrol faltan”.