ENERGIA
Energia berriztagarrien planifikazioa inoiz baino beharrezkoagoa eta urgenteagoa da

Azken aldian energia berriztagarria sortzeko hainbat instalazioen inguruko informazioa ezagutzen ari gara prentsa bidez. Batzuetan instalazioei baimenak ematen dizkiotenean, bestetan atzera botatzen direnean. Batzuk planta fotovoltaiko izugarriak dira, bestetan makroparke eolikoak. Gai honen inguruan ari diren hainbat herri mugimendu eta talde ekologisten mobilizazioak ere ikusi ditugu. Denoi eragiten digun gaia da energiarena, eztabaida garrantzitsua da eta iritzia emateko, hainbat gauza eduki behar dira kontuan.
Lehenik eta behin energia eskubidea dela azpimarratu behar dugu. Denok dugu energia eskuratzeko eskubidea, gutxieneko bizi kalitatea izateko beharrezkoa baita, beraz energia eta bere prezioarekin espekulatzea onartezina da. Bestalde, ezin da negozio bat izan eta ezin da enpresa handien esku utzi energiaren inguruko erabakirik. Azken aldian ordea, behin eta berriro ari gara enpresa energetikoek bultzatutako energia berriztagarri instalazio handien inguruko berriak entzuten eta hau oso kezkagarria da. Energia non eta nola sortu ezin baita enpresa handien esku egon. ELAk defendatzen duen energia ereduan herritarrok behar dugun energia da lehentasuna. Sorkuntza publikoa izan behar da eta pertsonen beharrak aseko dituen kopurua sortu beharko da, ez negozioa egiteko.
Baina zenbat eta non sortu beharko da orduan? Galdera honi erantzuteko planifikazio egoki bat egin behar da. Planifikazio horrek kontuan hartu beharko ditu herri honek duen beharrezko kontsumo energetikoa, bizitzeko behar duguna alegia, ez negozioa egiteko behar den kantitatea. Kontsumoa neurtu eta gaur egun dugun gehiegizko kontsumoan murrizketa bat izan ondoren bakarrik jakingo dugu zenbat energia berriztagarri sortu behar dugun. Planifikazio hori publikoa izango da eta pertsonen beharrak kontuan hartuz egin behar da. Berriztgarrien PTSak (Lurralde Plan Sektoriala) egin behar du planifikazio hau, baina tamalez, Eusko Jaurlaritzak ez du PTSa horretarako baliatu, enpresa energetiko handiek makroinstalazioak non eraiki ditzaketen zehazteko erabili dute soilik. Oraindik PTSa bera ere onartu gabe dago ordea, eta behin betiko onartzen ez den bitartean, baimena lortzen duen instalazio oro egitea posible da. Horregatik diogu, enpresa energetiko handien esku dagoela planifikazioa hau, eta hori onartezina da, badakigulako beraien lehentasunak zeintzuk diren.
Argi dago bestalde, energia berriztagarria sortzeko instalazioak beharrezkoak izango direla energia fosila ahalik eta gehien ordezkatzeko, baina kontuan izanik ez duela dena ordezkatuko eta beraz elektrifikazioak ere mugak dituela. Bestalde, instalazioen kokapena hain gai sensiblea izanda, kokapen irizpideak natura babesteko irizpideekin eginak eta transparentziaz eginak izan behar dira. ELAn defendatzen dugun berriztagarrien sorkuntza eredua tamaina txikiagokoa eta deszentralizatua da, beraz kalteak txikiagoak izango dira eta bakoitzak kontsumitzen duen energia izango da inguruan sortuko dena, ez da enpresa handiek negozioa egiteko erabiliko. Gainera instalazio publikoak badira, kontrol publikoa izango da prozesu osoan eta horrek berme bat izan beharko luke.
Zoritxarrez oraindik ez dugu irizpide hauek beteko dituen planifikaziorik, baina PTSa bera ere ez dago onartua. Beraz ez gabiltza berandu PTS hau bertan behera utzi eta benetan behar dugun planifikazioa izateko.