ENERGIA
Energia enpresa handiek presio egiten duten arren, euskal kostaldean mometuz ez da itsasoan eolikorik baimendu

Espainiar gobernuak Itsas Eremua Ordenatzeko Plana (POEM) onartu berri du. Lehen aldia da itsas eremua ordenatzeko plangintza bat egiten dena, eta 2027 arte iraungo du. Estatuko kostaldea zonaldeka banatu eta arlo bakoitzean egin daitezkeen jarduerak zehazten ditu, eta mugak ere jartzen ditu. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren esanetan, plangintza honen helburua giza jarduerak ekosistemen babesa eta baliabide naturalen erabilera iraunkorra bermatuz aurrera eraman ahal izatea da. Jarduera hauek izan daitezke: itsas azpiko ondarea eta biodibertsitatearen babesa, aridoen esplotazioa, portuetako jarduerak, ikerketa, akuikultura, edo itsasoan energia eolikoa ekoiztea.
POEM honek milioi 1 km²ko ur eremua eta 10.000km kosta ordenatzen ditu, guzti hauetatik, 5.000 km² tan baimentzen du itsasoko eolikoa, eremuaren %0,46an. Galizia, Asturias, Kanariar uharteak, Andaluzia, Katalunia eta Baleare irletan daude baimendu diren 18 poligonoak. Euskal kostaldean ez da baimendu.
MInisterioak azpimarratu du itsas eremua ordenatzerakoan ez direla enpresen proiektuak aintzat hartu, eta araututako eremuetatik kanpo ezingo direla instalazio eolikorik proiektatu.
Lurreko proiektu eolikoen ostean, itsas eremuan energia eolikoa sortzeko proiektuak ezagutzen hasi gara. Beharrezkoa da plangintza baten arabera proiektatzea, eta plangintza horrek pertsonen eta gizartearen beharrei eranzutea, ez irabazi ekonomikoei. Energia eskubide bezala planifikatu behar da eta ez kapitalaren erreprodukziorako baliabide gisa. Horregatik, lurrean eraiki nahi diren instalazio berriztagarri handien aurrean ere, beharrezkoa da bidezko plangintza bat izatea eta pertsonen beharrak aurretik jarriko dituen irizpideez planifikatzea.