Energia nuklearra eta gas naturala inbertsio jasangarrien zerrendan sartuko ditu Europar Batzordeak, emergentzia klimatikoa lehentasun duela dioen bitartean

Taxonomia da, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren jarduera ekonomikoak sailkatzen dituen Europako sistema berria, eta horren menpe egongo da bi teknologia horietan milaka milioi euro inbertitzea edo ez. Paradoxikoa da taxonomiaren helburua dela datozen 30 urteetan neutraltasun klimatikoa lortzeko beharrezkoak diren jardueretan inbertsio pribatua bideratzea eta bultzatzea.
Europako energia-errealitatea askotarikoa da; energia-iturri bakoitzaren erabilera aldatu egiten da estatu kide batetik bestera. Oraindik ere badira ikatzaren erabilera intentsiboa duten herrialdeak, energia berriztagarrien garapenean aurreratuenak dauden bezala. Errealitate horren aurrean, Europako Batzordeak uste du gas naturalak eta energia nuklearrak paper bideratzailea izan behar dutela energia berriztagarrietan oinarritutako etorkizuneranzko trantsizio energetikoan. ELAren iritziz, guztiz okerra da hori; izan ere, inbertsio berri horiek iturri berriztagarrietan egin behar dira zuzenean, dela energia sortzeko instalazioetan, dela produktuen ekoizpenean eta eraldaketan energia berriztagarria soilik erabiltzeko. Inbertsio berriak energia nuklearrean eta gas naturalean egiten jarraitzen bada, trantsizioa are gehiago luzatuko da denboran. Eta hori da, hain zuzen, ez daukaguna, duela urte batzuk garatuta egon beharko lukeen trantsizio baterako denbora gehiago.
Dokumentu hori (taxonomiaren bigarren ekitaldi delegatua) hainbat hilabetez atzeratuz joan da, hainbat estatu kidek, erakunde ekologistek, taxonomiako adituen lantaldeak eta inbertsio-funtsen kudeatzaile handiek aurka egin dutelako. Horiek guztiak trantsizio energetikoaren aitzakian energia nuklearra eta gasa energia jasangarritzat jotzearen aurka daude.
20 estatu kideren aurkako jarrera da proposamen hori geldiarazteko beharrezkoa ( % 72), hau da, Europako biztanleriaren % 65. Eta Europako Parlamentuan gehiengo soila beharko da, 353 eurodiputaturen kontrako botoak. Hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu ea proposamen burugabe hau aurrera aterako den. Ez da horrelako proposamenak Batzordeak onartzen dituen lehen aldia. Abenduan, Taxonomiaren lehenengo ekitaldi delegatuan, energia lortzeko zuhaitzak eta laboreak moztea eta erretzea, edo gasolioaren eta gasolinaren menpe dauden auto hibridoak onartzea erabaki zen.
Europar Batasunak uste du klima-politika zorrotza duela munduko beste herrialde batzuekin alderatuta, baina anbizio hau errealitate bihurtzeko neurriak hartzerakoan, lobby energetikoen interesak defendatzen ditu. Horiek baitira, azkenean, Europako energia-politika erabakitzen dutenak: hartutako konpromiso klimatikoak betetzen ez dituen politika europarra, gero eta abiadura larriagoan kolapsora garamatzana.