Energia sektorearen etorkizuna publikoa izan behar da
ELAk TUEDen (Demokrazia Energetikorako Sindikatuen Sarea) nazioarteko bileran parte hartu du Antalyan (Turkia), COP31 ospatzen ari diren hiri berean.
Politika bide publikoaren ikuspegirantz aldatzeko beharra — energiaren eta ezinbesteko beste industria batzuen jabetza publikoan, finantziazio publikoan eta nazioarteko lankidetza ez-komertzialean oinarritua— inoiz ez da hain premiazkoa izan. Bide publikoa ez da agortuta dagoen politika, eboluzioan dagoen esparru bat da, ikerketaren, eztabaidaren eta langile borroken bidez garatzen dena eta «deskarbonizatzeko pribatizatu» behar dela dioen agenda neoliberalaren aurrean. trantsizio energetikoaren konfigurazioan herritarren parte hartze esanguratsua ahalbidetzen duena eta ondasun publiko globalen irismena zabaltzen duena.
TUEDen lan ildo nagusia energiaren publifikazioa da eta bide horretan hainbat proiektu interesgarri ezagutu ditugu bertan:
-
Indonesia
Beraien Konstituzioak ongizateari zor zaion aspektu guztietan kontrol publikoa bermatzen du eta horregatik sektore elektrikoan ari diren sindikatuak konstituzioa aplikatzeko exijitzen ari dira. Herrialdea elektrifikazioan aurrera pausu handiak egiten ari dira eta horregatik sindiktuen lehentasuna finantziazio eta kontrol publikoa dira. Sektore energetikoaren pribatizazioa eragozten duen artikulu bat konstituzioan sartzea lortu zuten 2024an TUEDen laguntzarekin.Horrekin batera sektorearen planifikazioan parte hartzea exijitzen ari dira sindikatuak.
-
Mexiko
Azken urteetan ezkerreko Morena alderdia egon da gobernuan eta energia elektrikoaren sorkuntzaren publifikazioa bultzatu dute. Prozesu honetan sindikatuen babesa izan dute. Neurri esanguratsuenen artean sektorearen %59a 2030erako publikoa izatea, Iberdrolari eolikoak erostea eta erreforma konstituzional bat daude. Sektore estrategikoetan trantsizioa bultzatzen ari dira lehentasuna industrian, zerbitzu publikoetan, garraio publikoan eta sektore estrategikoetan jarriz. Industria sektorea bultzatzeko eta langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak zehatzak hartu dituzte: Industrialdeak egin, lan diunak sortu, gutxieneko soldata igo, trenbide sarea hobetu lurraldea konektatzeko, litioa nazionalizatu,...
-
Kolonbia
Kolonbian sektore energetikoko sindikatuak ari dira sektorearen trantsizioa bultzatzen beraien artean koordinatuz eta ikerketa eginez. Ikatza, petrolioa eta elektrizitatearen sektoreetan ari diren sindikatuak ari dira lan honetan.
-
Tax Justice Network
Fiskalitate Justurako Nazio Batuen Konbentzio bat bultzatzen ari dira Hego Globaleko hainbat eragilek bultzatuta. Nazioarteko finantzak estraktibismo inperialistaren neurrira eraiki direla salatzen dute eta hau iraultzea da helburua.
-
Palestina
Palestinarekin elkartasunak jardunaldi hauek zeharkatu ditu uneoro, bai mobilizazioetan eta baita jardunaldian bertan ere. Palestinako DWRCko (Democracy & Workers’ Rights Center in Palestina) kideek salatu zuten beraien sare elektriko eta sektore energetiko guztia suntsitu dutela eta guzti hau sektore publikotik berreraikitzeko beharra azpimarratu zuten.
TUEDn bilera hauetan munduko hainbat herrialdetako sindikatuak elkartu gara, bakoitzak bere lan ildoak eta kezkak ditu. Testuinguruak bakoitzaren lehentasunak markatzen ditu. Europako marko legalak ez du zer ikusirik Asia, Afrika edo Latinoamerikako errealitatearekin, eta horregatik Iparralde Globaleko herrialdeek gure bide propioa jorratu behar dugu energiaren publifikaziorantz. Baina bidea ez dugu hutsetik hasiko, jardunaldi hauen aurretik bagenuen norabidea zein izan behar denaren zantzua, baina bilera honen ondoren argi geratu zaizkigu zeintzuk izan behar diren gure lehentasunak, marra gorriak eta bideorria.
Sektorearen publikotasuna ez da jabetza aldatzea soilik, sektorearen kontrol publikoa suposatzen du, pertsonen beharrak asetzeko planifikazioa esan nahi du, energiaren prezioak kontrolatzea ekarriko du, denok beharrezkoa dugun energia izatea bermatuko du, eta eskubide batekin ez espekulatzea, pertsonen ongizatearen kontura gutxi batzuk izugarrizko negozioa egitea ekidingo du.
Bide honetan sindikatuon aldarrikapenak argiak izango dira. Energia eskubidea da eta hau bermatzeko sektorearen pribatizazioan atzera egin eta publikotasuna lortu behar da. Paradigma aldaketa hau errealitate bihurtzeko ezinbestekoa izango da finantziazio publikoa, gobernuek aurrekontuetan sektore energetikoa publifikatzeko fondoak jarri behar dituzte, bai pribatizazioan atzera egiteko bai energia sorkuntza proiektu berriak garatzeko ere.
Sindikatuon lana izango da trantsizio hau bultzatzea, bai enpresetan bai kalean, sektorearen publikotasuna aldarrikatuz eta pribatizazioa betikotzen duten proiektuak baztertuz.