Energiarekin dugun arazo handiena ez da gehiegizko prezioa, dugun menpekotasun energetikoa baizik

2022/07/14
Menpekotasun energetikoa dugu beste herrialde batzuekiko eta energia fosilekiko, biei bilatu behar zaie irtenbidea. Inflazioa geldiarazteko neurriak soilik ez dute ezertarako balio, arazoak hor jarraituko du eta egoera larriagoetara eramango gaitu bidezko trantsizio energetiko bat berehala martxan jartzen ez bada.

Energiaren arazoa estrukturala da, Ukrainako gerra baino askoz lehenagotik ari gara sufritzen. Gerrak herrialde batzuen baliabide naturalekiko dugun dependentzia bistaratu du, baina arazoa aspalditik dator. Dugun eredu energetikoa kanpotik ekartzen ditugun energia fosiletan dago oinarritua, eta hau da konpondu beharreko arazoa.

Inflazio maila gerra lehertu aurretik zen altua. Honen arrazoi nagusienetariko bat etorkizunera begira egongo den energia fosilen eskasia eta horrek sortzen duen espekulazioa da, eta bestea, elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema. Bi faktore horien ondorioz, energia enpresak herritar guztien poltsikoaren kontura ari dira irabaziak handitzen.

Egoera hau iraultzeko neurriak hartu behar dira, baina ez hartu direnak. Denbora batez erregai litroa 20 zentimo merketzea edo elektrizitatea ekoizteko gasaren prezioa 50 eurotara mugatzea ez da irtenbidea, are gutxiago, diru publikoarekin edo kontsumitzaileek ordaintzen badute. Iragarritako neurriek enpresa energetikoen irabaziak diru publikoz bermatzea dute helburu, eta berriro ere langileok ordainduko dugu krisia. Onartezina da diru publikoa erabiliz energiarekin espekulatzen duten multinazionalen irabaziak bermatzea. Enpresa hauek izugarrizko irabaziak izan zituzten iaz energiaren prezioaren igoera izugarriaren ondorioz. Ikusiko da iragarri duten enpresa energetiko handiei ezarriko zaien zerga errealitate bihurtzen den, eta berriro ere kontsumitzaileok ordaintzen dugun prezioan eragina izango duen. Bitartean, langileok ari gara krisia ordaintzen, eta ez dago bidezko trantsizio baterako aurrerapausurik.

Gehiegizko prezioei aurre egiteko, sistema energetikoa aldatu beharra dago. Hasi energia fosilekiko dugun menpekotasunari aurre eginez, elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema aldatuz, eta produktu energetikoen prezioak mugatuz. ELAn argi daukagu sistema errotik aldatu behar dela eta neurri sendoak exijitzen ditugu:

  • Energia fosilen menpekotasunetik berriztagarrietan oinarritutako sistema batera eramango gaituen bidezko trantsizio energetikoa abian jartzea.
  • Produktu energetikoen prezioak kontrolatzea eta mugak jartzea.
  • Energia-sektorea publifikatzea, kontrol publiko eta sozialarekin.
  • Energiarako eskubidea oinarrizko eskubide unibertsal gisa onartzea.
  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea, energia guztia iturri garestienaren prezioaren arabera ordain ez dadin.
  • Konpainia elektrikoek jasotzen dituzten ezkutuko bidesariak kentzea.
  • Langileon erosahalmena mantentzeko soldatetan KPIaren igoera bermatu behar da.
  • BEZaren jaitsiera behin betiko aplikatzea.
  • Energia merkatu-logika guztietatik kanpo geratzea, eskuragarria izatea eta berriztagarrietan oinarritutako sistema garatzea.
  • Enpresa energetikoek lortzen dituzten etekinengatik ordaindu beharreko zergak igotzea.
  • Bidezko trantsizio baterako ekonomia birkokatzea, produkzio eredua aldatzea eta sektore estrategikoetan inbertsio publikoa handitzea.

Energiaren gehiegizko prezioa icebergaren punta besterik ez da, atzean dagoen arazoari erantzun eta gizarte osoarentzat bidezkoak diren neurriak hartu behar dira. beharrezkoak dira berriztagarrietan eta kontsumoaren murrizketa handian oinarrituriko trantsizio energetikoa eta industriaren trantsizio ekologikoa. Ez dago beste alternatibarik.