Energiaren erreformarako legea , berriztagarriei kaltea (iritzia)

2012/12/10
Energiaren iraunkortasunerako legea ez da ingurumen irizpideekin egin. Diru bilketa asmoa du soilik eta berriztagarrien aurka egiten du.

Energiaren iraunkortasunerako neurri fiskalen lege proiektua irailaren 28an argitaratu zen estatuko aldizkari ofizialean. Espainiar gobernuak lege honekin energiaren erabilera eraginkorra eta ingurumenaren babesa zerga sistemarekin armonizatu nahi omen ditu. Baina honen atzean zerga igoera arrunt bat besterik ez dago, energia berriztagarriak kaltetuta irteten duten zerga igoera soil bat.

Legeak hiru zerga berri ezarriko ditu: energia elektrikoaren ekoizpen balioaren gaineko zerga, energia nuklearra ekoizterakoan sortzen diren hondakin erradiaktibo eta erregai nuklearren ekoizpenaren gaineko zerga, eta hondakin eta erregai agortuak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga (1964ko lege batek zehazten du, behin biltegiratuta daudenean, hondakin erradiaktiboak Estatuaren titularitatera pasatzen direla). Bestalde, energia elektrikoa sortzeko ur kontinentalen erabilerari kanon bat ezarriko zaio. Eta azkenik gas naturala eta ikatzarentzat ezarririko zerga tipoak aldatu egingo dira; eta energia elektrikoa sortzeko, elektrizitatearen kogeneraziorako eta beroaren aprobetxamendurako produktu energetikoentzat aurreikusiriko salbuespenak kenduko dira.

Denok dakigu hidrokarburoei ezarririko zergak Estatuarentzat diru sarrera esanguratsuak direla, baina hau onartzeaz honez gain gobernuak dio ingurumenaren babeserako tresna baliagarria direla. Hidrokarburoei energia fosil izateagatik eta ingurumen eragin kaltegarriak eragiteagatik aplikatzen zaie zerga. Hemendik aurrera ikatzari ere zerga tipoa igoko zaio. Eta orain arte ez bezala, fueloleoari eta energia sortzeko erabiltzen diren gasoleoei ere zerga tipo espezifiko bat ezarriko zaie.

Baina helburuak onak diruditen arren, intentzioak beste batzuk dira. Zerga mota hauek ez baitute energia kontsumoaren beherakadarik erakutsi indarrean egon direnean eta jasotzen den dirua ez baita ingurumenaren babesera bideratzen. Osasunerako zentimoa bezalako zergak dira adibide garbiena.

Bestalde aipatzekoa da ur kontinentalen erabilerari dagokionez, administrazio ezberdinek mekanismo egokiak ezarri beharko dituztela uraren kudeaketa eta ingurumen kosteak azken kontsumitzaileei eragiteko. Horretarako ondorengo obligazioak ezartzen dituzte: domeinu publikoaren erabileragatiko kanona, domeinu publiko hidraulikora eginiko isurketen gaineko kanona, eta Estatuak eginiko obretatik ateratako onura partikularren gaineko kanona. Gaur egun espainiar estatuko ur kontinentalen kalitate eskasak hauek babestu beharra erakusten du, gizartearentzat behar beharrezkoa den ondare bat babesteko. Horregatik domeinu hidrauliko publikoa babesteko politikak behar direla azpimarratzen du lege proiektuak, horretarako ondare hau energia elektrikoa ekoizteko erabiltzen dutenek kanon bat ordaindu beharko dute.

Erreforma hau ikusirik ELAk lege proiektu hau zerga igoera bat besterik ez dela ondorioztatzen du, ingurumenaren babeserako inongo printzipiorik gabe aplikatuko dena, ez baititu energia berriztagarriak lehentasun gisa jartzen. Zerga hauetatik aterako den dirua ez da ingurumenaren babesean inbertituko, nahiz eta zerga jartzeko arrazoietako bat ingurumenaren babesa izan. Guztiz kontrakoa, energia hidroelektrikoa sortzeko erabiltzen den urari kanona jartzea energia berriztagarriak kaltetzea da.

ELAk salatzen du zerga guzti hauek kontsumitzaileok ordainduko ditugula, enpresa elektrikek ez dute ordainduko, prezioa igoko digute kontsumitzaileoi eta kitto. Espainiar gobernuari bost axola zaizkio energia berriztagarriak eta ingurumena, lege proiektu honen helburua ahalik eta diru sarrera gehien izatea delako.