Energiaren trantsizioa: nahi ala ez, egin beharrekoa (iritzia)

2014/04/15
Energia fosilak eta soluzio faltsuak alde batera utzi eta berriztagarrien aldeko apustua egiten dugu ELAn. Energia nuklearra eta fracking bidez gasa ateratzea ez dira irtenbidea, egoera okertzen dute.

Dugun energia eredua energia fosilean dago oinarrituta, hau da, gehien kutsatzen duena, klima aldaketa eragiten duena eta mugatua dena. Batez ere petrolio eta gasa, eta hauengandik eratorriak diren beste iturri batzuk dira gehien erabiltzen ditugunak. Hauek arazo larriak eragiten dituzte, batetik ingurumenean kutsadura izugarria eragiten dute bai naturatik ateratzen direnean bai erregai gisa erabiltzen direnean, baita material ezberdinak egiteko erabiltzen direnean ere, esaterako petrolioarekin plastikoa egiten denean. Eta etorkizunera begira, kutsadura areagotzeaz gain, energia fosil hauek uste duguna baino azkarrago bukatuko dira eta beste energia eredu bat beharrezkoa izango dugu. Hainbat zientzialariren ikerketen arabera petrolioari 30 urte inguru geratzen zaizkio. Eta gero zer?

Energi ereduaren aldaketa planteatzen denean badago energia nuklearraren alde egiteko joera bat. Baina energia mota honek ere kutsadura handia eragiten du, erabiltzen duen uranioa mugatua da, eta zer esanik ez, arrisku izugarri bat da. Zentral nuklearrak oso arriskutsuak dira, Txernobil eta Fukushimako adibideak aipatzea nahikoa da. Baina sarritan ahazten zaigu hondakin erradiaktiboak ez direla milaka urtetan ezabatzen eta hauek ere ingurumenarentzat eta osasunarentzat arrisku bizia dira, inongo istripu edo hondamendirik gertatu gabe ere. Beraz energia nuklearra ez da inongo alternatiba. Azken hilabeteetan nuklearren aurkako borrokak berriro indar handia hartu du Garoña berriro martxan jartzeko mehatxuarekin. Honen adibide garbia izan da martxoaren 15ean Garoña berriro irekitzearen aurka Gasteizen eginiko manifestazio jendetsua. Ez diegu utziko berriro martxan jartzen!

Baina ez da hau energia trantsizioak aurkezten duen soluzio faltsu bakarra. Azkenaldian frackinga ere indarra hartzen ari da munduko hainbat herrialdetan, baita hemen ere. Badirudi lur azpian dagoen gasa ateratzeko saiakera arriskutsuak batzuentzat etorkizuneko irtenbidea direla. Baina hau ere energia fosil bat da eta ez da bidezkoa. Lur azpiko gasa fracking deitzen den teknika kutsagarriarekin egiten da (lurra, akuiferoak eta airea kutsatzen ditu), eta ateratzen den gasa ikatza besteko kutsadura sortzen duen gas mota bat da. Arrisku hauek nahikoak dira energia iturri baztertzeko, baina hainbat lekuetan honen aldeko apustuak egiten ari dira, ez herritarren mobilizaziorik gabe noski. Europa mailan, Frantzian eta Errumanian nekazarien borroka garrantzitsuenetako batean bihurtu da. Lurrak kendu nahi dizkiete ustiaketa mota hau zabaltzeko. Kontrako egoerak ere badaude, Alemaniak adibidez teknika hau baztertu egin du. Kataluniak ere debekatu egin du frackinga bere lurraldean, baita Kantabriak ere, naiz eta Rajoyren gobernuak helegitea jarri dien. Euskal Herrian ere baditugu adibideak, esaterako Nafarroako parlamentuak frackinga debekatu du, EAEn baimenak eskatu diren bitartean prospekzio hauek aurrera eramateko. Saiakera ezagunena Araban egin diren arren gainontzeko lurraldeetan ere baimenak eskatuta daude metodo honen bidezko ustiaketak froga gisa egiteko. Baina noski, hemen ere herritarron aurka egin beharko dute, dagoeneko asko dira frackingaren aurkako plataformak eta gero eta indar handiagoa lortzen ari dira. ELAk ere hauetako batzuetan parte hartzen du. Azken ekimena plataforma hauek aurrera eraman dute. Frackinga EAEn debekatzeko Herri Ekimen Legegilea aurkeztu dute Gasteizko legebiltzarrean eta tramitera onartu da, iaz ez bezala orduan ere aurkeztu baitzuten eta ez zen tramitera onartu. Martxoaren 20tik hasita, lau hilabetetan zehar 30.000 sinadura jaso behar dira eta ziur gaude lortuko dugula, beraz, sinatu!

Eta zer geratzen zaigu energia fosila eta nuklearrak alde batera utzita? Erantzuna jada ezaguna da: energia berriztagarriak. Eguzkia, ura, haizea edo biomasa erabilita energia sortzeko gai gara eta hau izan behar da gure oinarria. Baina ez bakarra. Energia iturri hauek garatzeaz gain ezinbestekoa izango da gure energia kontsumoa murriztea, bai pertsona bakoitzarena baita industriarena ere.

Bi elementu hauekin posible da energia eredu guztiz berriztagarri bat lortzea. ELAn honen aldeko apustu egiten dugu, eta gure borrokak bide honetan kokatzen dira. Ez da prozesu erraza izango, ez eta gaurtik biharrera egingo ere. Baina ezinbestekoa dugu oraintxe bertan hastea, beranduegi izan baino lehen.