Enplegu duinak bizirik dagoen planetan

2019/06/11
Ekainak 26, Klima aldaketaren aurkako ekintza eguna lantokietan. Kanpaina honekin klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko exijitzen diegu enpresei.

 

Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak kanpaina egiten du lanpostuak ekologikoagoak eta gizarte ikuspuntutik onargarriak izan daitezen, eta ELAk bat egiten du aldarrikapen honekin. Trantsizio Justuak langileen eta beraien komunitateen etorkizuna eta bizirauteko medioak bermatzen ditu karbono gutxiko ekonomia baterantz egin behar den trantsizioan. Eta hau lortzeko ezinbestekoa da plan bat izatea.

Beharrezkoa da enpresek ere anbizio maila handiagoa izatea. Ekonomiarekin gertatzen den bezala, epe luzerako plan enpresarial arduratsu batek, erabakiak gaur hartzea baina etorkizunean pentsatzen hartzea exijitzen du. Ez da zentzuzko kontua soilik, gure ardura ere bada ondorengo belaunaldiek klima aldaketaren zorrik ez jasotzea.

Krisi klimatiko baten aurrean gaude, eta ez da enplegurik egongo planeta hil batean. Egoerari buelta ematea posible da, lantoki guztietan emisioak murriztu behar dira. Hemendik 2020ra klima aldaketaren aurkako akzio anbiziotsurik gabe, planetari atzera ezineko kalteak eragingo zaizkio. Ez badira neurri zorrotzak berehala hartzen, klima aldaketa pertsona guztiontzat mehatxua izango da, eta lurralde asko ez dira bertan bizitzeko moduan egongo.

Eragin suntsitzaileak dituzten muturreko fenomeno meteorologikoak enpleguak eta bizirauteko baliabideak suntsitzen ari dira. Dagoeneko sufritzen ari gara aurrekaririk gabeko bero boladak, glaziarren urtzaldi azkarra, hotz polarrak gure latitudeetan, basoetako suteak eta uholdeak gero eta sarriago, ozeano eta ibai toxikoak, eta biodibertsitatean galera handiak. Mundu mailako itsas maila 20 zentimetro igo da azken mendean. 83 milioi pertsonek migratu behar izan dute klima arrazoiengatik, gerren eta egoera ekonomikoaren ondorioz migratzen dutenak baino gehiago OCDEren arabera. Koste sozialak eta ekonomikoak agerikoak dira.

Planetaren beroketa 1,5ºCko gehienezko beroketan egonkortu ahal izateko 11 urte besterik ez zaizkigu geratzen. Hurrengo 10 urteetan karbono dioxido emisioak %50 murriztu behar ditu munduak. 2020an gobernuek emisio murrizketetan konpromiso berriztuak hartu beharko dituzte klimaren inguruko Parisko Akordioa betetzeko. 2019 beraz urte kritikoa izango da ekintzak eskatzeko, baina gobernuek ez dituzte beraien ardurak behar den anbizioarekin hartzen. Langileak eta beraien komunitateak babestuko dituen trantsizio justurako neurriak hartzen dituzten garapen planak zehaztu behar dituzte gobernu guztiek.

Enpresek ere beraien jarduerak klima aldaketara egokitzeko planak egin behar dituzte, plan hauen oinarri berotegi efektuko gasen murrizketa eta trantsizio justurako neurriak izanik.

Guzti honengatik diogu langileok klima aldaketari aurre egiteko akzioaren lehen lerroan gaudela. Enpresariek gure lanpostuak klima aldaketara egokitzea exijitzen dugu. Horregatik ekainaren 26an, lantokietan klima aldaketaren aurkako nazioarteko ekintza eguna izanik, enpresariei galdegin behar diegu enpresak eta gure lanpostuak etorkizunean klima aldaketara nola egokitzea aurreikusten duten.

Bai langileek, bai enpresak, segurtasuna nahi dugu, eta klima aldaketak zalantzaz betetako etorkizuna dakar guztiontzat. Langileok eskubidea dugu jakiteko enpresak nola aurreikusten duen emisioak murriztea eta enpresarentzat etorkizun jasangarri bat izatea.