Enplegu klimatikoak, enpleguaren eta planetaren etorkizunaren alternatiba

2018/12/12
Azaroaren 22an, TUED eta klima aldaketaren aurkako beste mugimendu batzuen arteko bilera egin zen Lisboan eta ELAk ere hartu zuen parte. Lanpostu klimatikoen alde sindikatuek eta gizarte mugimenduek egin beharreko borrokaren artikulazioa landu zen. Mundu osoko sindikatuek eta klima aldaketaren aurkako borrokan lanpostu klimatikoen aldarrikapena egiten duten eragileek parte hartu zuten.

ELAk TUEDen (Trade Union for Energy Democracy, bere sigletan ingelesezko sigletan) parte hartzen du. Ekimen globala eta multisektoriala da, eta bere helburua energiaren kontrol demokratikoan aurrera egitea da, krisi klimatikoari, pobrezia energetikoari, lurren eta herrien degradazioari aurre egitea, eta langileen eskubide eta babesaren aurkako erasoei aurre aurre egitea da. 21 herrialdetako 72 sindikatu eta erakundek osatzen dute elkartea, eta aurrerantzean ekimen eta kanpainetan parte hartuko dugu guk ere.

Azaroaren 22an, TUED eta klima aldaketaren aurkako beste mugimendu batzuen arteko bilera egin zen Lisboan eta ELAk ere hartu zuen parte. Akordio nagusienetako bat enplegu horiek suposatzen duten alternatiba erreala izan zen. Alde batetik, emisio sortzaile handiak izateagatik sektore batzuetan sortuta den langabeziarentzat irtenbidea bat dira. Eta bestetik, klima-aldaketa geldiarazten dute. Lanpostu horiek hainbat sektoretan sortuko dira, hala nola energia berriztagarriak, eraikuntza iraunkorra, nekazaritza ekologikoa edo garraioa.

Hainbat esperientzia ezagutu ditugu eremu honetan, eta oso desberdinak dira herrialdearen arabera. Britainia Handian, adibidez, "Milioi bat lanpostu klimatiko" kanpaina mugimendu klimatikoetatik sortzen da, baina sindikatu batzuk integratu egin dira eta orain bere aldarrikapenaren parte da. Alderdi laboristak ere bere egin du.

Hego Afrikako kanpaina herrialde honetan ospaturiko Klimaren Gailurrean sortu zen. Langabezia tasa altua izanda, sindikatuek hasiera batean babestu zuten. Baina Gobernuak Europako enpresa multinazionalekin kontratuak egitera mugatu zuen kanpaina, eta sortutako enplegu asko herrialdetik kanpo sortu ziren. Sindikatuen eta ekologisten arteko banaketa areagotu egin da. Adibide garbia da alternatiba lokala izan behar dela esateko. Horrela ez bada, kapitalismo tradizionalak aurpegia garbitu eta berdez margotzeko balio dezake, baina kapitalismo basatia izaten jarraituko du.

Norvegian ere kanpaina hori egiten ari da. Adibide hau oso esanguratsua da petrolio eta gas ekoizpen handiko herrialdea delako. Aitortzen dute beraien ongizate estatua energia fosilaren ustiapenarekin lotuta dagoela, baina, aldi berean, badakite energia mota hori bere amaierara iristen ari dela, eta inoiz baino beharrezkoagoa dela trantsizio energetikoa egitea aldarrikatzen dute. Hortik sortzen da kanpaina. Sindikatuek presentzia handia izan dute mugimendu horren sorreran. Ez denek. Hasieran petrolioaren sektoreko sindikatuek ez zuten parte hartzen, baina orain gehiago hurbiltzen ari dira, etorkizunerako irtenbidea dela uste baitute. Urtero konferentzia bat egiten da enplegu klimatikoen inguruan, non alderdi politiko guztiek parte hartzen duten. Azkenengoan Norvegiako Lehen Ministroak hartu zuen parte. Norvegiako elizak ere babesten du. "Milioi bat lanpostu klimatikoen aldeko kanpaina", Norvegian, beste inon baino indartsuagoa da.

ELAk barneratuta du enplegu klimatikoekin irtenbidea ematen zaiola klima aldaketari eta honek enpleguan eragingo dituen ondorioei. Garrantzitsua da Euskal Herriko sindikalismoak enplegu klimatikoen alternatiba eta aldarrikapena jasotzea. Arazoaren eta konponbidearen parte gara.