Enplegua eta klima: Konbergentzia politikoaren esperientziak

2018/12/12
(Mikel Novalen interbentzioa Lisboako Topaketa Ekosozialistetan) Krisi sistemikoa bizi dugu. Era berean, egoera sozial bidezkoago, demokratikoago eta iraunkorragoetara bidea egitea premiazkoa da. Klima aldaketa bezalako erronka globalei aurre egiten diegu, gizateriaren, planetaren eta, beraz, langileriaren etorkizuna jokoan baitago. Sindikalismoa funtsezko subjektu politikoa izan behar da klima aldaketaren aurkako borrokan. Aldaketa sakona egin behar da, eraldaketa soziala, ekologikoa, feminista eta demokratikoa. Horrek, bizitzaren eta planetaren iraunkortasuna zentroan jartzen duen sindikalismoa eskatzen du. Eta baita sistemaren erabateko eraldaketaren ikuspegia partekatzen duten gainerako gizarte eragileekin aliantza ere.

 

Kapitalismoak pertsonak zatituta egotea nahi du, gure artean aurrez aurre jarrita. Pobreen arteko gerra nahi du. Gure indarra kolektiboa dela badakielako. Sareak eraiki behar dira, eta hori sindikalismoaren oinarrian dago. Norabide oneko aldaketak beti dira gizartearen antolaketaren ondorio. Klase interesen aldeko indar korrelazioa eraiki behar da, eta hori mobilizazioaren eta borrokaren bidez egin behar da. Logika eta dinamika horretan kokatu behar da klima aldaketaren aurka borrokatzeko erronka. Eraldaketa soziala, ekologikoa, feminista eta demokratikoa izan dadin, premiazkoa da:

 

a) Giza eskubideak, eskubide sozial eta ekonomikoak, eta ingurumenekoak lehentasun

ELAren konpromisoa da belaunaldi berriko Merkataritza Akordio eta Tratatuen aurka borrokatzea, zeinak nazioarteko kapitalaren zirkulazio askatasuna blindatu eta nazioarteko sistema juridikoa birlandu nahi duten. Inpunitatearen arkitektura da eta konfrontatu egin behar da. Horren aurrean, nazioarteko araudi lotesleak aldarrikatzen ditugu, adibidez, Herrien Tratatua enpresa transnazionalak kontrolatzeko. Giza eskubideak, eskubide sozial eta ekonomikoak, kulturalak eta ingurumenekoak errespetaraziko dituena. Eskubide hauek errespetatzea izan behar da lehentasuna, kapitalaren interesen gainetik.

 

b)Produkzio, banaketa eta kontsumo ereduaren aldaketa

Egungo sistema ekonomikoarekin jarraitzeak hondamendira garamatza. Zalantzarik gabe, egungo ekoizpen eredua bai ala bai aldatuko da. Eztabaidan dagoena aldaketaren orientazioa da. Planetaren interesek eta herritar gehienen interes sozialek bultzatzen dute aldaketa, edo planetaren muga fisikoek, gutxiengo bat aberastu eta ezberdintasunak larriagotuko diren agertoki batera eramango gaituzte. Beraz, sindikatu gisa, egin dezakegun okerrena erronka honi aurre ez egitea da, kontuan izanda lantokietan eragiten dugula, nagusiki gatazka ekologikoa eta klasekoa gertatzen den lekuan.

Ekoizpen ereduaren eraldaketak gizartearentzat beharrezkoak diren eta ingurumen ikuspuntutik iraunkorrak diren jarduerak garatzea dakar. Eta helburu horiek betetzen ez dituzten jarduerak murriztea. Ekonomiaren eraldaketa ekologikoak eta sozialak bidezko eraldaketa kontzeptua txertatu behar du. Enpleguan gertatzen dena aurrean ezin dugu bestaldera begiratu. Egin dugun azterlan batean frogatzen da Hego Euskal Herrian 106.000 lanpostu berde sortu daitezkeela hainbat sektoretan.

 

Konbergentzia esperientziei dagokienez, mugimendu sindikalaren eta mugimendu sozialen arteko hainbat borroka bateratuetan parte hartzen dugu:

 

a) Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta

Hasieran sindikala izan zen prozesua, ondoren gizarte eragileekin aliantzan, defendatzen genuen eredu alternatiboa adosteko lan bat egitea erabaki zen (hau da, ez zela nahikoa ezartzen ziren neurriak errefusatzea). Gogoeta horren ondorioz, urtebete baino gehiagoko parte hartze prozesu bat jarri zen martxan, hainbat udalerritan bilerak eginez, eta horrek ekosozialistatzat edo ekofeministatzat har daitekeen alternatiba bat ekarri zuen.

 

b)Frackingaren aurkako mugimendua

Euskal erakundeek botere ekonomikoaren zerbitzura dihardute, bereziki automobil industriaren eta enpresa energetikoen zerbitzura. Horrela, energi politikek erregai fosilen aldeko apustua egin dute, %100ean berriztagarria den eszenatoki batera igarotzeko beharrari bizkarra emanez. Frackingaren aurkako mugimendu zabalak, ELAk barne, gizartearen zati handi bat bildu eta mobilizatu du. Lan handia egin da frackingaren ondorioak azalduz, baita erregai fosilak uzteko beharra ere. Frackingaren aurkako kanpainan, Herri Ekimen Legegilea aipatu behar da, Legebiltzarra eztabaida horretara behartu zuena. Momentuz, frackinga gelditu da. Baina borroka aurrera doa. Eusko Jaurlaritzak duela ia hilabete baimena eman du euskal lurraldearen zati zabal batean esplorazioak egiteko.

 

c)Abiadura Handiko Trenaren aurkako borroka

Gure herrialdean mugikortasun arazo garrantzitsuak ditugu, bai pertsonenak bai merkantzienak. Trenbide sare desegoki eta zaharkitua ere badugu. Testuinguru horretan, AHTari diru kopuru handia ematea erabaki da, mugikortasun arazo horiei erantzuten ez diena. AHTren aurkako borrokak ez du lanak geldiaraztea lortu. Hala ere, iritzi sozial zabal bat sortzeko balio izan du, azpiegitura hau ez dela ekonomikoki, sozialki eta ingurumen ikuspuntutik iraunkorra. Eta botere politikoarekin bat datorren gutxiengo boteretsu bati diru publikoz aberastea izan dela apustua.

 

d)Hondakinen errausketaren aurkako borroka

Gipuzkoako egungo gobernua erraustegia eraikitzen ari da. Alferrikako azpiegitura handien barruan kokatzen den beste proiektu bat da. ELAk beste eredu bat defendatu du: hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, eta, era berean, ekoizpenaren, banaketaren eta kontsumoaren eremu guztietan neurriak hartzea, norabide horretan joateko. Errausketaren aurka borrokatzen ari gara eta hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkor baten alde egiten dugu.

Arlo horretan borroka garrantzitsua egiten ari da. Joan den urriaren 27an erraustegiaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Donostian, 10.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zutelarik.

 

AHTaren eraikuntzak eta Gipuzkoako erraustegiak beste elementu bat dute komunean, langileen esplotazio egoera. Erakundeek erabaki dute azpiegitura horiek katean azpikontratatuz egin behar direla Eta eskuak garbitzen dituzte, ez dute lan-baldintzen erantzukizuna hartzen. Ondorioz, euskal AHTren obretan 9 langile hil dira. Hainbat salaketa jarri ditugu soldata eta bukaezinezko lan jardunaldiak salatzeko. Alferrikako azpiegitura horiek enplegua sortzen dutela esaten dutenak eta beraien gezurrak agerian geratzen dira.

 

Egungo egoera ikusita, sindikalismoak alternatiba ekosozialistaren funtsezko parte izan behar du. Ezin da alternatiba sozialik egin, ikuspuntu ekologikoa, feminista eta demokratikoa kontuan hartu gabe. Horretarako, egungo eredu ekonomiko eta politikoa modu eraginkorrean borrokatu nahi duten eragileen lan moduak aldatu behar dira. Sindikalismoari dagokionez, lantokietan zein kalean jarduteko moduak egokitu behar ditu aipatutako erronkei erantzun eraginkorra emateko.