Enpresa teknologiko handiek elikadura sektorean jarri dute jomuga

2021/03/04
Elikaduraren sektoreak azken urteetan partaide berriak ditu: enpresa teknologikoak eta munduko banaketa plataforma handiak. Denok ezagutzen ditugun Microsoft eta Amazon bezalako enpresak elikadura sektorean sartu dituzte atzamarrak. Baina zer suposatzen du honek nekazari txikientzat eta tokian tokiko elikadura sistemarentzat?

a) Nekazal hornitzaileen eta datuak kontrolatzen dituztenen arteko harremana estua eta boteretsua da. Pestizidak, traktoreak, dronak edo ongarriak saltzen dituztenek nekazarien datuak eskuratzen dituzte eta kontsumitzaileengana errazago iristen dira.

b) Agronegozioan urteak daramatzaten enpresek (Monsanto, Syngenta, Bayer,...) telefono mugikorretarako aplikazioak eskaintzen dizkiete nekazariei, esplotazioei buruzko datuak bilduz eta horrela “gomendioak” eginez.

d) Salerosketa digitalean diharduten multinazionalek nekazaritza sektoreko enpresak erosi dituzte eta elikagaien banaketaren kontrola bereganatzen ari dira.

e) Intsumo kimikoen eta makinaria garestiaren erabilera bultzatzen ari dira. Lehengaiak enpresa handientzat ekoiztea da helburua, eta ez merkatu txikietarako elikagaiak ekoiztea.

Teknologia digitalaren munduan datuak izateak boterea suposatzen du. Enpresa handiek (teknologikoak, komunikabide sareen hornitzaileak, bankuak, agronegozioa, elikagai ekoizle handiak,...) elikadura sistemaren puntu ezberdinetatik datuak lortzeko irrikaz daude, ahalik eta etekin handienak ateratzeko. Ahalegin hauek gero eta handiagoak dira, aliantza, fusio eta enpresen erosketa gero eta ugariagoek erakusten duten bezala. Inbertsio handienak enpresa teknologiko handiek egiten dituzte, nahiz eta berriak izan sektorean. Beraien jarduteko modua nekazariei lurren, meteorologiaren edo plagen inguruko informazioa eskaintzen hasten da, horretarako nekazariek beraien esplotazioaren datu sorta handia enpresa hauen esku uzten dute. Enpresa teknologikoek datu hauekin “gomendioak” ematen dizkiete nekazariei, eta nola ez, beraien produktuak saldu. Agronegozioak aspalditik du estrategia hau martxan, Monsato edo Syngenta bezalako enpresek beraien mugikor aplikazioak eskaintzen dizkiete nekazariei hazi transgenikoak, plagizidak eta ongarriak saltzeko helburuarekin. Hau lortzeko sarritan izugarrizko presioa egiten diete nekazari txikiei, askotan behartu egiten dituzte.

Azken urteetan produktuak saltzeaz gain, elikadura lehengaiak ere erosten dizkiete nekazariei, eta ondoren beraien banaketa sareetan saltzen dituzte. Nekazariek ez dute inongo botererik erosle handi hauen aurrean, prezioak ez dira nahikoak izaten eta miseriara kondenatuak daude. Amazon bezalako banaketa enpresek dagoeneko elikagaiak saltzen dituzte beraien plataformetan eta tokian tokiko elikagai banaketa sareak kontrolatzea ere bada enpresa handi hauen beste helburuetako bat. 2017an EEBBko Whole Food Market elikagai organikoen denda sarea erosi zuen Amazonek. Helburu bakarra elikagaiak ez ezik edozein produktu internet bidez eros araztea da, zenbat eta eskaintza handiagoa izan eskura gehiago kontsumitzen baitugu, eta beraien etekinak hazi egiten dira.

Banka elektronikoan ere enpresa teknologiko handi hauek badute zer esana eta negozioaren beste atal bat da. Nekazarien mikrokreditu askoren atzean enpresa handi hauek daude. Horrela kontrolatzen dute nekazari hauen jarduera, zer landatzen duten, nori saltzen dioten eta zein preziotan. Noski, enpresa handi hauen hazi, ongarri, pestizida,... erostera behartuak daude eta ekoizpena ere beraiei saltzera. Sarritan salerosketaren ordainketak ere enpresa hauen aplikazioen bitartez egin behar dituzte, komisioak ordainduz eta katean are eta gehiago lotuz. Ordainketa plataforma hauek indar handia dute nekazal komunitate isolatuetan, askok ez baitute kontu korronterik ez eta beste antzeko zerbitzurik. Baina telefono mugikorra ia denek dute eta besterik ez dute behar aplikazio hauek izateko. Diru digitalak dituen arriskuak asko dira, batez ere fraudea eta gehiegizko zorpetzea, eta arlo honetan esperientziarik ez duten nekazariak oso egoera zaurgarrian geratzen dira.Errealitate berri hauen aurrean, badira iniziatiba ezberdinak botere sare hauei aurre egiten saiatzen ari direnak. Badira beraien teknologia propioa sortzen ari diren nekazari sareak, beraien ezagutza eta informazioa partekatzeko erabiltzen dutenak. Badira banaketa sare propioak garatzen dituztenak ere. Covid19aren krisian argi ikusi dugu gertuko nekazarien beharra dugula eta hauek ere egoera berrietara egokitzeko gai direla zerbitzu ona eta justua emanez. Kontsumitzaile gisa zer erosten dugun eta non erosten dugun erabakitzea garrantzitsua da. Azalean ikusten dena baino haratago begiratu behar dugu, gure kontsumo ereduak ondorioak baititu. Ez baita berdina supermerkatu kate handi batean erostea, auzoko dendan, edo zuzenean nekazarien banaketa sare batean parte hartzea. Kontsumo arduratsutik ere gauzak aldatu ditzakegu.