Errigora, “Nafarroa hegoaldeko uzta, euskarari puzka”

Kanpaina Zazpiak Bat, Ikastolak, Sortzen, AEK eta Errigorak elkarlanean burutzen dute, eta kanpainak dirauen bitartean beste euskara elkarte, kultur etxe, taberna, udal, lantegi eta kontsumo taldek ere parte hartuko dute. ELAk ere bere indarra jarri nahi du.
Kanpainaren xedea Nafar hegoaldeko produktuz betetako saskiak saltzean datza, edozein dendetan izaten duten prezioan. 50 eurotan saltzen da eta jasotzen den diruaren %25 Nafarroa hegoaldean euskarak duen egoera hobetzera zuzentzen da. Kontuan izan behar da zonalde hau “zona no vascofona” deritzanaren parte dela, eta euskara ez dela ofiziala. Populazioaren %3,9 da euskalduna, eta %10,3 ia euskalduna. Egunero 1.400 ikaslek batez beste 20 kilometro egin behar dituzte euskaraz ikasi ahal izateko. Eta tokiko nekazaritza modu esanguratsuan gutxitu da azken 20 urteetan. Errigorak bi aldarrikapen hauek uztartzen ditu, euskara eta elikadura burujabetza.
Ihaz 8.000 saskitik gora banatu ziren 500 banaketa puntutan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 160 herritan. Bildu ziren 122.000 euroak Lodosako ikastolako egoera ekonomiko itogarria arintzeko, Erriberako helduen alfabetatzea sustatzen duen kanpaina gauzatzeko eta beka sistema bat martxan jartzeko, eta “Euskaraz bizi eta ikasi“ ekimenak bere jardueretarako baliabideak izan ditzan balio izan zuten.
Aurten, bilduko denaren %25a Erriberako ikastolarentzat, Erriberako AEKrentzat eta “Euskaraz bizi eta ikasi“ ekimenaren Hamarratz proiektuarentzat izango dira.
Eman izena banaketa puntuetako batean eta ez zaitez geratu saskirik gabe!!