Eskola publikoetako jangelen eredua aldatu beharra dago

2019/02/22
Elikadura burujabetza eta elikadura osasuntsu baten garrantziaz aspaldi oharturik, jangela ereduak jarraitu beharreko bi irizpide nagusiak izan behar direla iruditzen zaigu. Hauek bermatuko dute elikagaien kalitatea, janari osasuntsua, ekoizpen prozesu agroekologikoa, bertako produktuak eta bertako ekonomiari bultzada eta ingurumenaren babesa. Proposamen osasungarriagoa, justuagoa eta iraunkorragoa da, eta gainera eskolako sukaldea eta jantokia garrantzi handiko heziketa espazio bilakatzen ditu.

EAEko eskola publikoetako jangeletan gertatzen dena 2000ko martxoaren 22an onartu zen aginduaren ondorioa da. Agindu honekin Eusko Jaurlaritzak jangelen gaineko ardura gainetik kendu, familien eta ikastetxeen autonomia eta erabakitze ahalmena murriztu eta katering enpresa handien mesederako araudia ezarri zuen. Enpresa handi hauen negozioa bermatzen eta defendatzen du egungo ereduak eta ez du bermatzen elikaduraren kalitatea, elikagai osasuntsuak izatea, bertako produktuak izatea, eta are gutxiago prozesu osoan lanean ari diren langileek lan baldintza duinak izatea. Sistema honek jantoki zerbitzua, gure seme alaben elikadura eta familien poltsikoa kaltetzen du. Kaltea frogatuta geratu zen 2016an, jangeletan diharduten katering enpresa handiei 18 milioi eurotako isuna jaso zutenean prezioak eta lehia manipulatu zituztelako. 10 urtean zehar 80 milioiko gaingastua ordaindu dute familiek eta diru publikoek. Hala ere, hurrengo kurtsoetan Eusko jaurlaritzak berriro enpresa iruzurgile hauei esleitu dizkie jangela zerbitzuak.

Arrazoi guzti hauengatik eskola publikoetako jangelen kudeaketa eredua aldatu beharra dago. Zentro bakoitzak jangelaren kudeaketa eredua aukeratzeko autonomia izan behar du. Eta aukeratzen den kudeaketa eredua edozein izanda ere, elikadura burujabetza, osasungarria eta kalitatezkoa izatearen baldintzak eta langileen lan baldintzak errespetatu behar dira. Jangeletan lanean ari direnen enplegua eta lan baldintzak bermatzea beti izan da linea gorri bat ELArentzat eta balizko eredu aldaketan ere horrela izaten jarraituko du.

Pasa den urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak jangelen kudeaketa eskoletako guraso elkarteek aurrera eraman ahal izateko aukera zabaldu du. Eredu honekin Eusko Jaurlaritzak familien gain ezarri nahi du eskoletako jangelen administrazio lanaren zama (langileen kontrataziotik hasi, elikagaien erosketarekin jarraitu eta jangelen kudeaketa osoraino). Proposamen honek kolokan jartzen ditu ehunka langileren enplegu eta lan-baldintzak. Eskola komunitateari eskatzen dion esfortzuaren zati handiena burokraziak eramango du eta hori enpresa handien esku bakarrik dago, familiak eta eskolako pertsonalak ez baitute horretarako prestakuntzarik eta denbora nahikorik. Ezin da ahaztu eskola jantokiak zerbitzu publikoak direla eta horrela jarraitu behar dute, ezin da gurasoen militantziaren esku utzi.

Defendatzen dugun eredua elikadura burujabetzan, jangelak hezkuntza guneak izatean eta enplegu duina mantentzean oinarritzen da. Eta ez dugu uste Eusko Jaurlaritzaren proposamenak helburu hauetan sakondu nahi duenik, guztiz kontrakoa da alegia, sektorearen pribatizazioan sakondu nahi du.