ELAren iritziz COP26an adostutakoa lotsagarria da, energia fosilen lobbiek irabazi dutelako berriro ere

Irailean IPCCk (klima aldaketa aztertzen duen nazioarteko taldeak) aurreratu zuen zein den gaur egun dugun egoera: “berotegi efektuko gasen emisioetan murrizketa handiak egiten ez badira atzera bueltarik gabeko egoera batean murgilduko gara”. Ez zen erraza izan txostena argitaratzea, ondoren jakin dugunez, herrialde kutsatzaile asko dagoeneko lobby lanak egiten baitzeuden txosten hau aldatzeko.
IPCCk bere txostenean aurreratu duen egoera katastrofikoa ekiditeko beharrezkoa da planetaren batezbesteko beroketak 1,5ºC ez gainditzea. Eta COP26a hasi zenean horrela onartu zuten herrialde gehienek, momentua zela egoerari buelta emateko eta inflexio puntuan geundela. Hitz asko bai baina COP26ko akordioa muga horretatik oso urrun geratu da. Onartu diren neurriekin planeta 2,4ºC berotuko da. Hauek dira akordioaren puntu esanguratsuenak:
-
Testuak onartzen du larrialdi klimatikoaren egoera, baina onartutakoa ez da akordio lotesle bat, beraz, herrialde bakoitzaren borondatearen arabera beteko da, ala ez, sinatutako apurra.
-
2030erako emisioen %45eko murrizketaren beharra aipatzen du, baina herrialde bakoitzak hartutako murrizketa konpromisoak ez dira nahikoak. 2022era luzatzen du konpromiso handiagoak hartzeko epea eta 5 urtero eguneratu beharko dira. Emisio murrizketak dira klima aldaketari aurre egiteko gakoa, baina lotesleak ez badira, ez da inoiz nahikoa izango.
-
Energia fosilei dirulaguntzak murriztea eta batez ere ikatzaren erabilera mugatzea zegoen testuan, baina India eta beste ikatz ekoizle eta kontsumitzaile batzuen presioak azken momentuan aldatzea ekarri du. “Erabiltzen uztea” eskatzetik “pixkanaka murriztera” pasa da.
-
Klima aldaketa modu gogorrenean jasaten duten herrialdeen eskaria izan da beti kalteak ordaintzeko funts bat sortzea. Glasgowen zuten lan garrantzitsuenetako bat zen hau, baina ez dute bete, funtsari buruz hitzegiten hastea onartu dute soilik.
-
Klima aldaketara egokitzeko finantziazioa ere mahai gainean egoten da COP guztietan. Oraingoan ere izan da erabakirik, 2019an jarri zen finantziaioa 2025erako bikoiztu egin beharko da. 2009an onartu zen 100.000 milioi dolarretako Klimarentzat Fondo Berdea delakoa ere ez da oraindik lortu eta 2025era atzeratzea erabaki da. Kontuan izan behar da finantziazio guzti hau herrialde garatuenek ipini beharreko dirua dela, garapen bidean daudenek klima aldaketari aurre egin eta garapen “garbiago” bat izan dezaten. Puntu hau oso garrantsitsua da justizia klimatikoa egon dadin, eta oraingoan ere ez da beteko.
-
Sahiestu da emisioen kontabilitate bikoitza egitea ahalbidetzen zuen mekanismoa.
-
Giza eskubideen azpimarra ez da nahikoa argi geratu, Hegoalde Globaleko herrialdeen aldarrikapen historikoa den arren.
Beste behin ere, argi geratu zaigu noren interesak defendatzen diren horrelako gailurretan. Ez dituzte entzun ere egiten klima aldaketa gehien sufritzen duten herrialdeen eskariak, eta hauen ordez, emisio gehien dituzten eta aldatzeko behar gehin duten herrialdeen interesak defendatzen dira, hauen atzean dauden energia fosilen lobbyak ahaztu gabe. Berriro ere esan dezakegu, eta badaramatzazkigu 26, COP hau antzerki hutsa izan dela eta ez dagoela beste hitzik gertatutakoa adierazteko.