Europako Batzordeak ez du esan Eusko Jaurlaritzak Zaldibarren gertatutakoan ardurarik ez duenik

2022/10/11
Aste honetan Arantza Tapia Ekonomia, Garapen eta Ingurumen Sailburuak esan du Europako Batzordeak ebatsi duela Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko hondamendian inongo ardurarik ez zuela izan. Eta ez da egia.

Tapiak agerraldi batean Europar Batzordeak Zaldibarko zabortegiaren inguruan egindako txosten baten berri eman du. Zaldibar Argitu, Ekologistak Martxan eta San Lorentzo auzo elkarteak eginiko eskaera baten arira igorritako txosten bat da. Eskaera honetan Eusko Jaurlaritzak hondakinen eta zabortegien inguruko europar legedia hautsi duen aztertzea galdegin zaio Batzordeari. Eragile hauek eskumena duten administrazioek Europar Batasuneko eta estatuko ingurumen eta osasun publikoko legedia betearazteko beharrezko neurriak hartzea eskatu dute.

Tapiaren esanetan, txosten honek ziurtatzen omen du Eusko Jaurlaritzak baimen administratiboei, kontrol lanei, eta hondamendi ondoren larrialdiari aurre egiteko ekintzei dagokienez, ongi jokatu zuela. Azpimarratuz eskumena duen administrazioak legedia betearazteko beharrezko neurriak hartu zituela, batez ere zabortegia esplotatzeko baimenetan, eta jarduera martxan zen bitartean eginiko kontrol eta ikuskaritzan. Beti ere Tapiaren hitzetan. 2018ko txosten bat ere aipatzen du Batzordeak, Eusko Jaurlaritzari ezkutatu zitzaiona, eta zabortegian egonkortasun arazoak zeudela esaten zuena. Baina Eusko Jaurlaritzak bazuen arazoen berri, Iñaki Arriola sailburuak berak Legebiltzarreko agerraldi batean onartu zuen zabortegia behera etorri baino egun batzuk lehenago Verter enpresarekin bildu zirela. Eta dagoeneko jakinak dira hondamendiaren astean izan ziren ohartarazpenak, teknikoenak eta langileenak.

Zaldibar Argituk azaldu du ordea, Tapiak aipatu duen txostena 2021ean igorritakoaren berdina dela. Hiru orrialdeko txosten bat omen da, eta Eusko Jaurlaritzak igorritako dokumentazioan bakarrik oinarrituta eginikoa. Baina esan du badagoela beste txosten bat, Garraio eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioen menpe dagoen Cedex (Centro de Estudios y Experimentación de Obras Públicas) erakundeak eginikoa, sakonagoa, non esaten den akatsak egon zirela proiektu teknikoetan, zabortegiaren kudeaketan eta jardueraren kontrol publikoan. Eusko Jaurlaritzak ordea, ez du inoiz txosten honen berri eman.

Ez da harritzekoa Arantza Tapiak esan duena, Eusko Jaurlaritzaren jarrera beti izan baita bere burua zuritzea eta inongo ardurarik bere gain ez hartzea. Zaldibar Argituk ondo dioen bezala, Eusko Jaurlaritza beti izan da alde interesatua kasuan. Zabortegia behera etorri aurretik ez zuen inongo kontrol lanik egin, enpresaren diru gosearen mesedetan aritu zen eta hondamendiaren ondoren bere erantzukizuna ez aitortzeko ahalegin guztiak egin ditu.

Baina Zaldibarren gertatutakoa ez zen istripu bat izan, Verter eta Eusko Jaurlaritza dira Joakin Beltran eta Alberto Sololuzeren heriotza eragin zuen luiziaren erantzule. Hainbat txosten daude beraien jarduera okerrak izan zirela eta kontrol falta izan zela bermatzen dutenak, nahiz eta Arantza Tapiak inoiz ez dituen aipatzen. Horregatik ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio ardura politikoak berengan har ditzan behin betiko.