Europako Batzordeak RepowerEU planaren bidez atzeratu egin ditu energia trantsizioa eta klima aldaketaren aurkako borroka

2022/06/09
Europar Batasunak errusiako petrolioarekiko, gas naturalarekiko eta ikatzarekiko mendekotasuna murrizteko, planak berak ezartzen dituen helburuak ez dira beteko proposatzen diren neurri eta politikekin. 2050erako karbono-neutraltasuna, energia kontsumoa murriztea, energia berriztagarrietarako trantsizioa eta ahulenak babestea.

RePowerEU Planaren arabera, bere helburua energia-kontsumoa murriztu eta prozesu industrialak eraldatzea, eta gasa, petrolioa eta ikatza elektrizitate berriztagarriarekin eta emisiorik gabeko hidrogenoarekin ordezkatzea da. Eskaintzaren aldean neurriak ezarri dira energia berriztagarriak hedatzeko eta sortzeko gaitasuna handitzeko, eta, aldi berean, Europako Batasuna, bere osotasunean, 2050erako neutraltasun klimatikorantz mugitzen ari omen da. Hala ere, adierazi du erregai fosil errusiarrak albo batera uzteko inbertsio espezifikoak egin beharko direla gas-azpiegituretan hornidura bermatzeko, petrolio-azpiegituran aldaketak egin beharko direla eta Europar Batasunean hidrogenoaren ardatza garatu behar dela. Horrela, erregai fosil errusiarren mendekotasuna pixkanaka deuseztatzea bideragarria izango da estatu kide guztientzat.

Planak energia berriztagarriak garatzeko neurriak proposatzen ditu: eraikin jakin batzuetan eguzki panelak jartzeko derrigortasuna, itsasoko haize energia bultzatzea, hiriko berokuntza sistemak garatzea, komunitateetan berokuntza garbia ezartzea... Baina neurri oso kezkagarriak ere proposatzen ditu, hala nola gas naturalaren ordez hidrogenoa erabiltzea edo ikatzaren eta energia nuklearraren erabilera areagotzea.

COPetan parte hartzen duten herrialde gehienek ikatzaren erabileraren pixkanakako murrizketa onartzea lortu denean (ikatzak mundu mailako berotegi efektuko gasen zati handi bat emetitzen du eta, ondorioz, klima aldaketaren errudun garranzitsuenetako bat da), onartezina da Europako Batasunak kontrako norabidea hartzea. Gauza bera gertatzen da energia nuklearrarekin, zentral horiek dakarten arriskua eta beren hondakinekin sortzen diren ingurumen arazoak hain nabarmenak direnean, Batzordeak akatsa larria egiten du energia politikan.

Hidrogenoari dagokionez, gero eta zabalduago dago Europa osoan hidrogeno korridoreak bultzatzeko estrategia, energia garbia eta berriztagarria balitz bezala. EAEn eta Nafarroan hasi ziren estrategia hori garatzen Europako funtsekin, nahiz eta jakin oraindik garatu gabeko teknologia dela, ez dela eraginkorra energiaren eta ekonomiaren ikuspegitik, eta ez dela energia garbia eta berriztagarria. Hidrogenoaren atzean, multinazional energetiko handien negozioa dago, diru publikoa jasotzeko, ekonomiaren ikuspegitik bakarrik komeni zaizkien inbertsioak egiteko, gizartearen eta ingurumenaren beharrak kontuan hartu gabe. Hau ez da energia trantsizio jasangarria lortzeko bide orria, gizartearen ongizatearen kontura betiko negozio handiak egiten jarraitzeko bide orria da.

Plan honen bidez bultzatu nahi diren helburu eta inbertsioak kontuan hartuta, ELAk aldarrikatzen duen bidezko energia trantsizioa, energia sektorearen demokratizazioan eta publifikazioan oinarritua, eta berriztagarriekin eta energia ekoizpenaren birkokapenarekin egingo dena, Europako Batzordeak bultzatzen duen ereduaren aurkakoa da.