Europako Funtsek bultzatzen duten trantsizio ekologikoa ez da ELAk aldarrikatzen duen trantsizio eredua

Europako Funtsak hizpide ditugu azken asteotan. Next Generation deituriko funtsak trantsizio ekologikoari eta digitalizazioari loturiko proiektuei bideratuko dira, eta ez krisi ekonomikoak, sozialak eta osasun krisiak sortu dituen oinarrizko beharrak asetzeko. Dagoeneko martxan diren proiektuak izango dute lehentasuna, beraz errealitate berri honi benetan erantzuten ari direnak kanpo geratzeko aukera handia dute.
Europar Batasunarentzat oraingo hau abagune ezin egokiagoa gertatu da aspaldidanik agendan zituen egitasmo estrategikoak ezartzeko. Funts hauek eskatzen dituzten herrialdeek erreformak egin beharko dituzte pentsioen, lan merkatuaren edo aurrekontu egonkortasunaren arloetan. Hau da, funtsak eskubide sozialen eta langileen eskubideen murrizketa politikak aplikatzen jarraitzeari baldintzatuta egongo dira. Gainera, egiten diren inbertsioek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren proiektu estrategikoekin, herrialdeen benetako beharrizanen gainetik. Energia eta telekomunikazio sektoreei lotutako enpresa eta multinazional handiei mesede egingo dien funtsa izango da. Beraz, azken urteetan Europatik inposatzen zaizkigun politikak eta erreformak aurrera eramateko beste bide bat besterik ez dira.
EAEn eta Nafarroan ere ari gara ezagutzen bertako gobernuek zein intentzio dituzten funts hauen “onurak” jasotzeko.
Duela egun batzuk, Eusko Jaurlaritzak Europako funtsetatik finantzaketa lortu nahi duten proiektuen taula bat filtratu zen, guztira 10.228 milioi eurokoa 2020-2024 aldirako. Proiektuen artean, AHTaren hainbat obra (2.712 milioi) eta trakzio-proiektu publiko-pribatuak nabarmendu behar dira, Iberdrola edo Petronor bezalako enpresa handien esku diru publikoa jarriko dutenak, 2.000 milioiko balioarekin.
Nafarroan ere aurkeztu da funts hauek jasoko dituzten proiektuen aurrerapen bat. 2020-2026 epealdian 3.760 milioi euroko kostea izango dute proiektu hauek, hauetatik 761,5 milioi euro Europako Next Generation funtsetik lortu nahi dituzte. Chivitek berak esan du hurrengo belaunaldiak zorpetuko dituen egitasmoa dela. 71 proiektu ezberdinetan banatu den trantsizio estrategia baten barruan aurkeztu da egitasmoa. Lan ildoak trantsizio ekologikoaren barruan daude, baina ez da zehaztu zein proiektu konkretu finantziatu nahi dituzten funts hauekin, gutxi batzuk bakarrik eman baitira aditzera. Ez da argitzen AHTrentzat finantziazioa eskatuko den, EAEn bezala, edo Canal de Navarra eta Esako urtegiaren handitzea bezalako proiektu jasanezinak aurkeztuko dituzten. Beraz, ez dago argi Nafarroako Gobernuak zein trantsizio eredu defendatuko duen hurrengo urteetan.
Bizi dugun ezohiko egoera honetan, onartezina da baliabide publikoak proiektu pribatuetara eta trantsizio ekologiko eta justu baten alde egitetik urrun dauden ereduetara bideratzea. Europar Batasunaren trantsizi ekologikoaren eredua ez da ELAk defendatzen duena: energia berriztagarrietan oinarritua eta gertuko sorkuntza eta sare lokaletan banatua, energia eskubide gisa kudeatzen duena eta arlo publikoak kontralatua, ekonomia zirkularrean oinarritzen den ekoizpen eta kontsumo eredua,...
Hitz batean esanda, pertsonak eta bizitza erdigunean jarriko dituen sistema baterantz eramango gaituen trantsizioa da ELAn defendatzen eta exijitzen duguna.