Europako Zuzentarauak erabilera bakarreko plastikoak debekatzera behartuko du

2019/07/17
Duela urtebete, Nafarroako Hondakinen Foru Legea atal askotan anbizio handikoa zela esan genuen. Orain, Europako Zuzentaraua da neurri zorrotzak hartzera behartzen duena. Estatu kideek arau hori bere ordenamendu juridikoari erantsi beharko diote 2021eko uztaila baino lehen.

2019/904 Europako Zuzentarau berriak plastikozko produktu jakin batzuei eragiten die, batipat, erabilera bakarreko plastikoak. Helburua plastiko horiek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragin negatiboa prebenitzea eta murriztea da, eta baita ekonomia zirkularrerako trantsizioa sustatzea ere produktu eta material iraunkorren bidez ere.

Zuzentarauan, erabilera bakarreko plastikoak horrela definitzen dira "guztiz edo partzialki plastikoarekin egindako produktu bat, ez dena asmatu, diseinatu edo merkaturatu, produktoreari itzuli eta sortu zeneko helburu berarekin berrerabiltzeko”. Hau da, otordu prestatuak, botilak, edalontziak, mahai-tresnak, platerak,... behin bakarrik erabiltzen direnak, eta ekoizleak biltzen ez dituenak, itzulera-sistema baten bidez berrerabiltzeko.

Zuzentarau horrek EBko estatu kideak behartuko ditu erabilera bakarreko plastikozko produktuen kontsumoa iraunkorra izateko, anbizio handiko eta beharrezko neurriak hartzera. Hemendik 2026ra neurri horiek murrizte esanguratsuak eta neurgarriak lortu beharko dituzte. Neurri nazional horiek honako helburu hauek izan behar dituzte:

  • Erabilera bakarreko plastikoaren kontsumoa murriztea.

  • Saltokietan kontsumitzaileari erabilera bakarreko plastikozko produktuen alternatiba berrerabilgarriak eskaintzen direla bermatzea.

  • Erabilera bakarreko produktu horiek doan eskaini ez daitezen tresna ekonomikoak.

  • Zenbait produktu debekatzea, adibidez, lastotxoak, mahai-tresnak, platerak, edarien irabiatzaileak, haurren puxiketara lotzen diren makilatxoak, kotoizko makuilutxoak eta edari eta janarientzat poliestirenozko edukiontziak...

  • 2029rako, merkatuan sartu den erabilera bakarreko produktuaren %90eko gaikako bilketa bermatzea.

  • 2030erako, edarientzako botilek gutxienez %30 plastiko birziklatua izango dutela bermatzea.

  • Gordailatzeko eta itzultzeko sistemak ezartzea.

  • Ekoizlearen erantzukizun handiagorako bereizitako bilketa-helburuak ezartzea.

     

Azken batean, neurri horien helburua izan behar da erabilera bakarreko produktu plastikoak ez daitezela zabor sakabanatu bihurtu, eta berrerabili daitezkeen edo plastikorik ez duten alternatibak bultzatzea.