Europar Batasuna deforestazioaren aurkako legedia prestatzen ari da

2022/11/07
Europar Batasuna munduko deforestazioaren %16aren erantzule da, eta horri aurre egiteko legea onartuko du urtea bukatu baino lehen. Europar Kontseilua, Europar Batzordea eta Europar Parlamentua ari dira testua prestatzen, hainbat lobbyren presiopean.

Deforestazioa geldiaraztea Parisko Akordioan sinatu zen gehienezko 1,5eko beroketa helburua betetzeko ezinbestekoa izango da. 2008tik 2020ra, 420 milioi baso hektarea galdu ziren deforestazioaren ondorioz munduan, Europar Batasunaren azalera baino gehiago.

Deforestazioaren %90a nekazaritza industrialak eragindakoa da, eta produktu nagusiak palma olioa eta soja dira, bi heren suposatzen dute. %16a kontsumitzen da EBn, Txinaren atzetik, mundu mailan bigarren postua du produktu hauen kontsumoan.

Europar Batasunak klima aldaketari eta biodibertsitatearen galerari aurre egiteko, lege berri honekin Europar Batasunean saltzen diren produktuak deforestazioa jasan duten lurretatik ez datozela ziurtatzera behartuko ditu enpresak. Horrela EBk mundu mailan deforestazioaren eta biodibertsitatearen galeraren duen erantzukizuna gutxituko luke.

Honetaz gain, produktuak nazioarteko zuzenbideak ezartzen dituen giza eskubideen disposizioak betez ekoizten direla eta herri indigenen eskubideak errespetatzen dituztela bermatu beharko dute. Modu horretara, basoetan bizi diren komunitate indigenek beraien eskubideak defendatzeko Ekko erakundeen aurrean salaketa jarri ahalko lukete.

Betebehar hauek izango dituzten produktuen artean kakaoa, kafea, palma olioa, soja, egurra eta behi haragia daude, besteak beste, baita hauetatik eratorritako txokolatea, larrua edota altzariak ere. Zerrenda hau zabaltzea eskatu du Parlamentuak eta ikusteko dago txerri, ahuntz eta oilasko haragia, artoa, egur ikatza, kautxoa, eta papera ere zerrendara gehituko diren.

Europar Parlamentuak banketxeetara ere zabaldu nahi du araua, beraien finantza jarduerek deforestazioa bultzatzen ez dutela ziurta dezaten.

Betebehar hauek betetzen ez dituzten enpresen zerrenda publikoa izango da, herritarrok gure kontsumoan erabaki ahal izango dugu beraz.

Araudia anbiziotsua den arren, enpresen esku uzten du betebeharren zihurtatzea eta hau beti da kezkagarria, ikuskaritza independenterik ez baita exijituko, eta horrela gardentasuna ez da bermatzen.

Orain Europar Batzordeak, Kontseiluak eta Parlamentuak adostu behar dute testua, eta urte bukaerarako onartzea espero da. Ikusiko dugu ea benetan beharrezkoa den lege hau eraginkorra izango den, edo lobby ezberdinen presioak eragina izango duten, beste askotan izan duten bezala.