KLIMA ALDAKETA

Europar Batasunak emisio murrizketa nahikorik ez duela egiten onartu du

2023/11/09
EBk 2030erako hartutako emisio murrizketen konpromisoak betetzeko murrizketak hirukoiztu behar dituela adierazi du Europar Batzordeak. Beraien hitzetan, murrizketen abiadura modu esanguratsuan hazi behar da trantsizio ekologikoa egia izan dadin.

EBko berotegi efektuko gasen emisioak urtero oso gutxi jaisten dira, 2022an %3a soilik. 1990arekiko %32,5ekoa izan da murrizketa, baina 2030erako %55ekoa izan beharko litzateke.

Hego Euskal Herrian 2021eko murrizketa datuak ditugu. 1990eko murrizketekin alderatuta, EAEn %3,5 hazi dira emisio guztiak eta Nafarroan %75 emisio zuzenak Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera.

EBko helburua %55 jaistea da, baina kontuan izanda herrialde industrial batean bizi garela, murrizketak gurean handiagoak izan beharko lirateke. Beraz, oraindik asko dago egiteko trantsizio ekosozialaren bidean, batzuk bidea hasi ere ez dutela egin dirudien arren.

EBk badu dagoeneko marko juridiko nahikoa Estatu kideei konpromiso hauek betearazteko, eta hala ere, badirudi betetzetik oso urrun daudela. Aurtengo Nazio Batuen erakundeko Klima Aldaketa gailurra, COP28a, abenduan elkartuko da orain arteko konpromisoen betetzea nolakoa izan den aztertu eta konpromisoak eguneratzeko. Baita klima aldaketa gutxien eragin eta kalte handienak jasaten dituzten herrialdeek neurriak har ditzaten finantziazioa bermatzeko ere.

Aurreko Klimaren Goibilerak ikusita eta herrialde aberatsen eta kutsatzaileenen ardura eskasa ikusita, aurreikusi dezakegu aurtengoan ere ez zaiola emergentzia klimatikoari galga jarri eta egoera irauliko.

Hala ere, herritarrok agintariei konpromisoak exijitzen jarraituko dugu, baita ELAk ere, eta tokian tokiko mobilizazioak bultzatu eta hauetan parte hartuko dugu.