Europar Batasuneko gobernuek gas kontsumoan murrizketak adostu dituzte baina beharrezkoa den energia fosilak bertan behera uzteko erronkari heldu gabe

2022/07/28
Europako Batzordeak Europar Batasuneko estatu kide guztiei gasaren kontsumo murrizketa exijituko die. Errusiako gasaren hornikuntza murrizketek ziurgabetasun handiko negua suposatuko dute energetikoki. Zalantzazko egoera hau bi urtez luzatu daitekeela iragarri du Batzordeak.

Gas hornikuntza arazoak izango diren beldurra zabaltzen ari da, eta Europar Batzordeak neurriak hartu ditu. Abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean Europar Batasuneko estatu kide guztiek gasaren kontsumoa %15ean murriztu beharko dute. Murrizketa honen dimentsioa ulertzeko, neurri hau martxan jarriko balitz espainiar Estatuko 45 eguneko kontsumoa suposatuko luke. Neurri hau derrigorrez betetzekoa izango da, estatu kideetako energia ministro eta ministrek gehiengoz bozkatzen badute.

Baina herrialde denek ez dute errealitate berdina eta erabakiak hautsak arrotu ditu. Espainiaren kasuan, Sánchezen gobernua ahalik eta gehien murrizten saiatu da, Errusiatik datorren gasak pisu gutxi duela argudiatuz. Azkenik, eta zenbait herrialdeen protestak direla eta, badirudi Espainiako Estatuak gasaren %7ko murrizketa aplikatu beharko duela, kontuan hartuta gas errusiarrarekin duen menpekotasun txikia eta Europako gainerako herrialdeekin duen lotura eskasa. Badirudi diogu, Batasuneko gobernuek onartutako dokumentua oraindik ez baita argitaratu ( eztabaidarako oinarria izan zen Europako Batzordearen proposamena ez bezala). Ohikoa da oso gobernuen propagandarako adierazpenek onartutakoaren errealitatea ordezkatzea; beraz, irailetik aurrera ikusiko ditugu adostutakoaren ondorio errealak, bai etxeei bai industriari dagokienez.

Azken urtean energiaren inguruan gertatzen ari den guztiaren arira beti aldarrikatu izan du ELAk trantsizio energetiko justu bat, eta orain ere aldarrikapen bera egin behar dugu: bultzatu dezatela benetako trantsizio energetiko justu bat, dugun menpekotasun energetikoarekin eta energia fosilekin behin betiko apurtzeko, eta egoera honen eragina pairatzen duen langile klasea babesteko.

Putinen gobernuak Europako Batasunerako gas esportazioak murrizteko hartutako erabakiak ondorio ekonomiko eta sozial larriak ekarriko ditu, eta Batzordearen proposamenak eta onartutakoak egoera honi erantzun partziala ematea besterik ez du helburu. Kontua da Europako gobernuak (baita Hego Euskal Herrikoak ere) berandu dabiltzala. Urteak galdu dira energia kontsumoa nabarmen murrizteko, energia fosiletatik deskonektatzeko eta krisi ekologiko eta energetikoari erantzuteko. Hori dela eta, ELAk positibotzat jotzen du gas gutxiago kontsumitzera behartzea, baina aldi berean, baztertu egiten dugu gas horren ordez beste energia fosil batzuk erabiltzea, hala nola ikatza edo energia nuklearra. Ezetz esaten diegu irtenbide faltsuei. Eta mezu sinplistak, eta egiak ez direnak, ere salatu nahi ditugu, herritarrak lasaitzen saiatzen direnak, datozen hilabeteetan etxeetan eta industrian eraginik izango ez dela esaten dutenak. Inpaktuak izango dira, hasteko, elektrizitatearen prezioak igotzean, eta ondoren, gas kontsumoa benetan murriztera zein sektore behartuko den ikustean.