Europar Kontseiluak 2035erako klima aldaketari aurre egiteko neurri zorrotzagoak jarriko ditu abian

2021/07/26
Europar Kontseiluak eta Parlamentuak 2050erako emisioen neutralitatea ziurtatzeko neurriak zorroztu behar izan dituzte, orain arte adostuta zituztenak ez baitzuten bermatzen 2050erako Europar Batasuneko emisioak neutroak izango zirenik. Aurreratu dituzten neurriak helburu hauek betearazten lagunduko dute, baina 2035erako ezartzea beranduegi da.

 

Uztailaren 14an ezagutu genituen Europar Komisioak 2035erako ezarriko dituen klima aldaketa geldiarazteko neurriak. Ursula Von der Leyenen esanetan, helburua hurrengo belaunaldiei planeta osasuntsua uztea, enplegu onak izatea eta natura kaltetzen ez duen hazkundea dira. Zorrotzak dira neurriak, baina 14 urte pasa beharko dira esanguratsuenak indarrean sartzeko, gehiegi eraginkorrak izateko. Neurri hauek lehenago behar ditugu:

  • 2035etik aurrera ezingo dira CO2 emisorik duten auto edo furgonetarik saldu. Ez gasolina, ez diesel, ez hibrido, ez eta gasa erabiltzen dutenik. Zirkulazioan daudenak jarraitu ahalko dute, beraz, desagerpen osoa 2050 ingururako aurrikusten da. Debekua hasiera batean 2040rako ezarri zen, baina 2035era aurreratu da. Europar auto ekoizleei zuzendutako neurria da, auto elektrikoaren ekoizpenean aurrerapausuak eman ditzaten, baina baita kanpoko ekoizleentzat ere Europan negozioa egiten jarraitu nahi badute.

  • 2035erako errepidean 60 kilometroro auto elektrikoentzat kargagailu bat egon beharko da.

  • Gasolina eta dieselaren fiskalitatea aldatuko da auto elektrikoaren mesedetan. Zerga energetikoa gasolina eta dieselean gigajulio bakoitzeko 10,75€ izango da eta auto elektrikoan 0,15€koa. Fiskalitate berri honek abiazioan erabiltzen den kerosenoa ere penalizatuko du, eta baita nabigazioa ere.

  • Energia berriztagarriak 2030ean %40a izatea jarri dute helburu. Eta energia efizientziari dagokionez derrigorrezko helburuak jarri dira.

  • Emisio merkatuaren baldintzak zorroztu dira eta CO2 tonaren prezioa igo da.

  • Garraioaren eta etxebizitzaren merkatuei beraien emisio merkatu propioak sortzera behartzen zaie. Bi merkatu hauetan sektoreari energia hornitzen dieten enpresek parte hartuko dute.

  • Mugan inportazioak penalizatuko dituen mekanismoak ezarriko dira Europako ingurumen estandarrak betetzen ez dituztenak zigortzeko. 2026an jarriko dira martxan eta hasiera batean altzairua, aluminioa, zementua, ongarriak eta elektrizitatea izango dira eragina jasango duten inportazioak. Kaltetuenak altzairua eta aluminioa izango dira, energia kontsumitzaile handienak direlako. Eta herrialdeen artean Errusia, Txina, Erresuma Batua, Ukrania eta Turkia izango dira kaltetuenak. Hala ere EBk herrialde hauek beraien ekoizpen ereduak moldatuko dituztela uste du eta ez dituztela mekanismo hauek martxan jarri beharrik izango.

  • Parisko Akordioa betetzeko 2030erako (1990 oinarri hartuta) %40ko emisio murrizketa zuen helburu EBk, baina orain helburu hau aldatu du eta %55eko murrizketaraino iritsiko omen da. Murrizketa helburu hau betetzeko salto handia eman beharko da, batez ere ekoizpen eredua eta kontsumo joerak aldatuz.

  • Neurri hauek betetzeko inbertsio handiak egin behar direla jakinda, EBk milioika euroko laguntzak emango dituela aurreratu du, enpresak betebehar berrietara egokitu daitezen eta nazioartean ingurumen estandar baxuagoko herrialdeek egiten dieten konpetentziak eragin ez diezaieten. Helburua ez da europa desindustrializatzea, industria garbiagoa izatea baino.

  • 2025-2032 eperako 72.000 milioi euroko fondo sozial bat sortuko da hornikuntza energetikoak izango duen garestitzeari herritarrek aurre egin diezaioten, bai garraioaren kosteak igoko direlako, baita etxeetako energiaren prezioak gora egingo duelako ere.

Hurrengo hilabeteetan Europar Komisioak Europar Parlamentuarekin eta Estatu kideekin negoziatu beharko ditu neurri hauek. Legedia onartzen denean, Estatu kide bakoitzak bere herrialdeko energia eta klima plangintzak zorroztu beharko ditu helburu hauek bete ahal izateko.

Neurri hauek eraginkorrak izango dira betetzen badira, baina beranduegi datoz. ELAk askotan salatu du asmo on guzti hauek ezin direla etorkizunera begira ezarri, gaur bertan martxan jarri beharrekoak direla, denbora baita falta zaiguna.