KLIMA ALDAKETA

Euskal Herrian ere Justizia Klimatikoa exijitu dugu

2023/12/02
Munduko agintari nagusiak Dubain Klima Aldaketari aurre egiteko COP28 goibilera egiten ari diren bitartean, abenduaren 2an justizia klimatikoa exijitzeko elkarretaratzea egin dugu Bilbon hainbat talde ekologista eta gizarte eragilek. ELAk ere parte hartu du bertan.

Hona hemen bertaratutakoek exijitzen duguna:

“Gero eta jende gehiago dago krisi klimatikoaren eraginpean; beraz, adierazpen soilak egin beharrean, ekintza zehatzak exijitzen dizkiegu gobernuei, bereziki udalei, Euskal Herriko gobernuei eta estatukoei; pertsonak erdigunean jarri, zientziaren aholkuak jarraitu, osasuna babestu, justizia klimatikoaren alde egin eta desberdintasunak murriztu ditzatela.

Munduko gobernuak Dubain COP28an biltzen diren bitartean, nazioarteko deialdiaren esparruan mobilizatzen ari gara, klima krisiak gehien kaltetu dituen herrialdeekiko elkartasuna adierazteko, eta pertsonak eta planetako bizitza babesteko neurri espezifikoak eskatzeko. Eskaera horien artean honako hauek daude: ura zaintzea, kutsadura atmosferikoa murriztea, justizia klimatikoa sustatzea, lobby ekonomikoen boterearen aurkako borroka eta klima krisia arintzea eta egokitzea.

Era berean, adierazpen eta biltzeko askatasunaren eskubideak errespetatzea ere eskatzen dugu COP28an eta mundu osoan, eskubide horiek erabiltzeagatik Arabiar Emirerri Batuetan preso dauden pertsonen askapenetik hasita.

Klima krisiari modu eraginkorrean eta ekintza egiaztagarriekin aurre egiteko premia eta garrantzia azpimarratzen ditugu. Horretarako, politika eta ekintza zehatzak behar dira klima krisiari aurre egiteko eta kaltetutako komunitateak babesteko. Laburbilduz, irtenbide praktiko eta egiaztagarriak eskatzen dizkiegu estatuko, Euskal Herriko eta udalerrietako gobernuei krisi klimatikoari eta haren inpaktuei aurre egiteko. Ez adierazpen hutsak.”