Euskal Herrian kutsadura maila jaitsiz gero ehundaka heriotza ekidingo ziren

2021/03/04
Europako biztanleria hiritarraren %84k Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako maximoa baino PM2,5 partikulen maila handiagoa dute. Airearen kutsadura maila murrizteak urtero milaka heriotza ekidin ditzake Europako hirietan. Urtean 125.000 heriotza PM2,5 partikulen mailak jaitsiz. Urtean 80.000 heriotza NO2 mailak jaitsiz.

Hirien ISGlobal rankinaren arabera, Europako 1.000 hiritako hiri plangintzak eta garraioak osasunean duten eragina balioesten da. Ikerketa honek hiri plangintzarekin eta garraioarekin lotutako zenbait ingurumen adierazle ebaluatzen ditu (airearen kutsadura, ibilgailuen trafikoaren zarata, berdeguneekiko esposizioa, bero uhartearen ondorioak...) Europako 30 herrialde baino gehiatan egin da azterketa eta hainbat sailkapen ezarri ditu emaitzekin.

Nitrogeno dioxidoa (NO2) erregai fosilen errekuntza motorren barruko tenperatura altuetan sortzen den gas korrosiboa da. Birikak narritatu ditzake eta gaixotasun infekziosoekiko erresistentzia gutxitu dezake. Asma eta bronkitisa bezalako gaixotasunak dituzten pertsonak bereziki sentikorrak dira nitrogeno dioxidoaren ondorioekiko. Ozono geruzaren suntsitzaile nagusietako bat da, eta beraz, beroketa globalean nabarmen laguntzen du.

PM2,5 partikulak, 2,5 mikrometroko diametroa edo txikiagoa duten aireko partikula esekiak dira. Partikula hauek bronkioetaraino sar daitezke. Partikula horiek eragindako kutsadurak eragina du arnas sisteman eta sistema kardiobaskularrean.

PM2,5 partikulek eragindako heriotza tasa handiena duten hiriak Po haranean (Italia iparraldean), Polonia hegoaldean eta Txekiar Errepublika ekialdean daude. NO2ren ondoriozko heriotza tasari dagokionez, Madril da indize handiena duen hiria, Anberes, Turin, Paris, Milan eta Bartzelona atzetik dituela. PM2,5 eta NO2 partikulengatik heriotza tasa txikiena duten hiriak Norvegia, Islandia, Suedia eta Finlandian daude.

Euskal Herrian ere kutsatzaileen kontzentrazio handia jasaten dugu arnasten dugun airean. Eta neurri egokiak hartuz gero, heriotza goiztiar asko saihestuko lirateke. Taula honetan, hiri nagusiek dituzten PM2,5 eta NO2 partikulen mailak eta ekidin litezkeen heriotza goiztiarrak ikus ditzakegu:

 

PM2,5 (1)

Ekidin daitezkeen heriotzak (2)

NO2 (1)

Ekidin daiztezkeen heriotzak (2)

Baiona

11,8

71

20,2

43

Bilbo (3)

13,6

490

29,6

368

Donostia

14,3

123

25,9

75

Gasteiz

11,7

99

26,3

80

Irun

13,5

29

23,8

17

Iruñea

13,6

143

23,9

85

EH

-

955

-

668

      (1) µg/m3

      (2) Hirietako kutsadura ISGlobalen ikerlanean aztertutako maila baxuenera murriztuta.

      (3) Bilboko area metropolitarra (Barakaldo, Bilbo, Getxo eta Santurtzi hartzen ditu)

Kutsaduraz hitz egiten dugunean, klima aldaketaz ez ezik, pertsonen osasunaz ere hitz egiten dugu. Euskal Herrian dugun aireko kutsadura maila handia da oso, eta horrek heriotza goiztiar ugari eragiten ditu urtearo. Gaixotasun batzuek lotura zuzena dute kutsadurarekin. Gure erakundeek badakite, baina ez dute ezer egiten maila horiek murrizteko. Hirietako kutsadura azterketa honetan neurri baxuenean dauden hirien mailara jaitsis gero, 1.623 heriotza ekidingo ziren Euskal Herriko hirietan urtero. Baina horretarako borondate politikoa eta pertsonen bizitza lehentasun izatea behar da, eta gure instituzioek sarritan erakutsi dute ez dutela ez bata ez bestea. Interes batzuk beti daude pertsonen eta osasunaren gainetik.