Eusko Jaurlaritzak onartu du AHTak ez duela merkantziarik eramango Gasteiz eta Burgos artean

2022/10/11
Iñaki Arriola Sailburuak onartu du azkenean denok bagenekiena, merkantziak egungo trenbidea egokituta mugituko direla. 2017an azpiegituren ministroak aurreratu zuen jada errealitate hau, baina Eusko Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu buru, ukatu egin zuen.

Oraingoan ordea, Iñaki Arriola sailburuak berak esan du Gasteiztik Burgosera doan AHTaren zatiak ez duela merkantziarik eramango, eta horretarako gaur egungo tren konbentzionala egokitu beharko dela. AHTa zirkulazio bakarrekoa izango dela baiztatu dute Madriletik bidaiarientzat soilik, beraz, Euskal Ya irla bat izango da merkantziei dagokienez Eusko Jaurlaritzaren planetan.

Errealitatea da inongo AHTak ez duela merkantziarik garraiatzen, trazatu eta abiadura ezberdinak behar dituelako, beraz EAEn ere ez ditu eramango. Denborarekin Eusko Jaurlaritzak, orain Gasteiz-Burgos zatian egin duen bezala, merkantziak alde batera utzi beharko ditu bere planetan.

AHTaren irla izaera ez da bakarrik merkantzien kasuan ematen, bidaiarien kasuan ere ikustekoa izango da norantz joango den. Gasteiztik hegoalderantz, mesetarekin lotunea oso epe luzean egingo den lotura da. Eta Iparralderantz, hori ere ez, Parisek mugako lotunea zalantzan jartzen baitu.

AHTa justifikatzeko erabilitako argudio nagusia merkantzia garraioa izan da, eta orain jausten ari zaie. Benetako arrazoia beti izan da PNVren garapen eredua obra handiak egitean datzala, kosta ala kosta.

Proiektua eta bere justifikazioa ekonomia eta ongizatea birpentsatzen ari garenean datorkie behera justu. Ez al da hau momentua justifikazio ekonomiko, sozial eta ingurumenekorik ez duen alferrikako azpiegitura hau alde batera uzteko? Noiz arte jarraitu behar du Eusko Jaurlaritzak herritarron beharrei aurre egiteko behar dugun diru publikoa AHTn xahutzen? AHTaren erruz hamarkadetan hipotekatuta egongo den herria izango gara.

Obra honen porrota hain agerikoa denean, Eusko Jaurlaritzak bere ardura politikoa onartu eta behin betiko obrak geldiaraztea exijitzen du ELAk.