GUGGENHEIM URDAIBAI

Ez dugu Guggenheim nahi Urdaibain, Busturialdeak beste garapen eredu bat behar du

2025/05/29
Busturialdea-Urdaibairen etorkizunari buruzko Entzute Prozesua jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, Guggenheim Urdaibai proiektuan herritarren iritzia kontuan hartu ez dela zuritu nahian. Ez da egia, dagoeneko pentsatuta eta diseinatuta dagoen proiektua baita.

Entzute Prozesuan eskualdeko eta kanpoko edonork parte hartu dezake bere iritzia emateko. Eman izena urdaibai@agirrecenter.eus helbidean eta eman dezagun gure iritzia: Busturialdeak ez du Guggenheim behar eta arrazoi asko daude horrela pentsatzeko:

  • Proiektua ez dute publikoki aurkeztu, ezta dagokion ingurumen inpaktu txostena ere.
  • Proiektuak ez ditu eskualdearen beharrizanak asetzen: lehen sektorearen gainbehera, Gernikako ospitalea, garraiobide zaharkituak eta urriak, ura, saneamentua...
  • Herritarrekin kontsultatu gabe inposatu nahi den proiektua. Prozesu parte-hartzaile barik. Era autoritarioan landua eta erabakia Entzute Prozesu batez zuritu nahi dena.
  • %100ean diru publikoaz ordainduko den proiektua (130M€ hasteko) eta urteroko kanona, batek daki! (Bilbokoa 1,9M€ urteko).
  • Saturatuta dagoen Estuarioa are gehiago saturatuko du. Hegaztien estresa ere handitzea dakar.
  • Biosfera Erreserbaren eremu zaurgarrienean (nukleoa), 150.000 pertsona sartuko ditu.
  • Etxebizitza garestitzea ekarriko du. Bizitza berria hasi nahi dutenen eskubidea mugatuta.
  • Ostalaritza eta bizitza garestitzea. Lan prekarioen eskaintza gehitu eta espekulazioa sustatu.
  • Aisialdiko eremuak eskariaren arabera pribatizatzea. Gaztelugatxe eredu argia
  • Eskualdearen beharrei erantzun beharrean, museo pribatu baten beharrei erantzuten dio. Nork behar du nor? Eskualdeak museoa edo museoak gure paisaia zoragarria?
  • Masa turismoan oinarritutako proiektua. Eskualdearen etorkizuna 3. sektorearen esku.
  • Eskualdeko normatibak moldatuz bakarrik gauzatu daiteke. Proiektua bera moldatu beharko litzateke eskualdeko normatibetara. Herritar guztiok egiten dugun moduan.
  • Kostaldeari buruzko legea urratzen da, eta alde batera uzten ari da itsas-lehorreko jabari publikoaren defentsa eta babesa. Balio ekologiko izugarria duen eremua babes gabe.
  • Indarrean dauden babes-figura guztiek duten helburuen kontra doa: habitat eta espezien kontserbazioa. Turismo masiboa ez baita bateragarria kontserbazioarekin.
  • Bertoko museo sarean, sortzaileen lanean eta kultura propioan inbertitzea alboratu eta museo eta kultura atzerritarrean inbertitzea bultzatzen du.
  • Museoa egunero zabalik izateak ekonomikoki zer ekarriko duen baloratu da? Erakutsiko diren artelanak bertora garraiatzeak sortuko duen CO2 aztarna baloratu da?
  • Klima aldaketak eragindako ezbehar ezagunak kontuan hartu beharrean, uholdeak izateko arrisku handieneko eremuak aukeratu dira museoak eraikitzeko. Interes ekonomikoak herritarrok babestearen aurretik jarrita.
  • Hainbat dira proiektuak eragingo dituen arazoak: Habitataren degradazioa, kutsadura, faunaren gaineko eragina, lurzoruaren higadura, baliabide naturalen gaineko presioa, tokiko kultura zapaltzea, kudeaketa-arazoak eta karga-ahalmen gainditua.

 

Parte har dezagun denok Entzute Prozesuan eta entzun dezatela ez dugula Guggenheim behar!