Ez erre etorkizuna, erraustegia gelditu! lemapean Zubietako erraustegiaren aurka egingo den giza katea babesten du ELAk
Turistifikazioak itxuraldatu eta ia ezagutezina bihurtu duten Donostia honetan, tentatuta egon gaitezke mundua primeran doala eta gu kontsumismoaren paradisuan bizi garela pentsatzera. Baina gure historian markatuta geldituko den 2026ko udak erakutsi digu jadanik hemen daukagula klima aldaketa bere kalteekin: beroaldi gogorrak bata bestearen ondotik, pertsona zaurgarrienak beroarekin sufritzen, mendi, soro eta erreketan inoizko lehorterik larriena, itsasoko uren tenperatura harrigarria, biodibertsitatearen hondamendia, sute izugarriak... eta abar luzea.
Klimaren zoratze hau ez datorkigu ezustean, aspalditik zegoen iragarrita; eta aldi berean, aspalditik daude esanda zeintzuk diren desastrearen kausak eta zer den aldatu beharrekoa. Eta aldatu beharreko atal handietako bat da gizakiok sortzen ditugun hondakinen kudeaketa.
Hondakinak erraustea –aspaldi esana dago—txarra da gizakion osasunarentzat, txarra landare eta animalientzat, txarra lurzoruarentzat… eta txarra klimarentzat. Errausketak herritarrok bultzatzen gaitu kontrolik gabe kontsumitu eta botatzera, ez berrerabiltzera, ez birziklatzera; eta gero erraustegian hondakin guztiak nahastuta erretzean, inguru guztian zabaltzen dizkigu klase guztietako toxikoak eta klima aldaketa areagotzen duten gasak. Askotan esan dugu eta berriro salatzen dugu Errausketaren Aurkako Mugimendutik: Zubietako Erraustegia da Gipuzkoan berotegi efektuko gas gehien isurtzen duen instalazioetako bat.
Hau guztia ohiko funtzionamenduan gertatzen da, baina behin eta berriro gertatzen diren ihes, istripu eta suteek areagotzen dute erraustegiak barreiatzen duen kutsadura. Azken sutea duela egun gutxi gertatu da, bertako langileek oinarrizko babesik gabe beraien osasuna arriskuan jarriaz itzaltzen saiatu behar izan zutena.
Gipuzkoako Foru Aldundia: gelditu ezazu Zubietako erraustegi kriminal hori! Ez kutsatu gehiago ez gu eta ez gure seme-alabak eta bilobak, ez kutsatu gehiago gure elikagaiak, landareak, zuhaitzak, lurzorua eta animaliak. Ez erre gure eta gure ondorengoen etorkizuna!
Gipuzkoako udaletako agintariok: geldiarazi ezazue Zubietako Erraustegia! Hondakinak berrerabili, birziklatu eta konpostatzeko modu erraz eta merkeagoak badaude. Tratatu duintasunez zuen herrikideak eta aztertu gaur hondakinentzako ezarrita dituzuen sistemak, kendu emaitza txarrak dauzkatenak eta ezarri sistema egokiak.
Gipuzkoako herritarrok: gauza asko aldatu eta hobetu behar ditugu klimaren zoratze hau gelditzeko. Horietako bat da hondakinen kudeaketa.
Gure ekintza bakoitzak balio du gauzak hobetzeko edo okertzeko. Agintariei exijitu hondakinen kudeaketa ona ezarri eta Zubietako erraustegia gelditzea.