Fracking EZ! Ez hemen ez inon!

Prentsa aurrean irakurritako testua:
Hainbat arrazoiengatik deitu da prentsaurrekoa. Lehenengoa, euskal autonomi erkidegoan, fracking-a debekatzeko herri ekimen legegileko kanpainaren balorazioa egiteko da. Kanpaina honen ardatz bat eragile eta erakundeen laguntza izaten ari da eta gaur hona etortzera gonbidatu ditugu. Ikusi dezakezuenez daukagun laguntza zabala eta anitza da eta hori funtsezkoa iruditzen zaigu fracking-a jendarte osoaren arazoa bait da.
Kanpaina honen helburu bat fracking-arekiko jendearen kontzientziazioa zabaltzea da eta lortzen ari gara. Gipuzkoa eta Bizkaian talde berriak sortzen ari dira. Bizkaian talde asko daude eta ia herrialde osora heltzen ari gara eta Gipuzkoan, piskanaka piskanaka, jendea fracking-ak bere herrialde %40a mehatxatzen duen arazo bat dela ikustea lortzen ari gara. Hau azpimarratu nahiko genuke fracking-a ez bait da Arabako arazo bat, oraindik jende askok pentsatzen duen bezala. Gipuzkoa eta Bizkaia, beste hainbeste lurraldeekin batera fracking-aren eraginpean daude.
Sinadura bilketa bide onetik doa. Dena den, kanpaina zaila da eta lan handia eskatzen du bertan ari garen talde txikientzat eta, legeak onartzen duen bezala, bi hilabeteko luzapena eskatzeko asmoa daukagu. Ekainaren hasieran egingo dugu eta baimena parlamentuko mahaiak emango du. Luzapen hori onartzea espero dugu, orain arte aurkeztu eta luzapena eskatu duten beste herri ekimen legigileekin gertatu den bezala.
Esposizio baten aurkezpena da prentsaurrekoa deitzeko bigarren arrazoia. Hasiera hasieratik, informazioa eskeintzearena izan da gure lan garrantzitsuenetako bat. Honela, hitzaldiak, dossier monografikoa edota kaleratzen dugun aldizkaria oinarrizko ardatzak izan dira frackingaren aurkako mugimenduan. Guzti honetaz gain, esposizio bat egitea frackingaren problematika jendeari hurbiltzeko modu ona zela iruditzen zitzaigun aspaldidanik, eta gaur, azkenik, errealitatea bihurtu da. Helburua, esposizio hau ahalik eta jende kopuru handienarengana iristea da. Hori dela eta, bi ale egin ditugu. Bata paneletan egongo da, eta bestea berriz erraz zabaldu eta jasotzeko moduko tresna batzuetan (roll up izenekoa). Beraz, esposizioa ikusteko aukera desberdinak egongo dira. Alde batetik, hemen bertan lokalean izango dugu ikusgai, baina horretaz gain, sinadura bilketa postuak ipintzen ditugunean ere, modu ibiltarian hara eta hona eramango dugu. Horretaz aparte, hainbat udaletxe eta beste motatako eremuetatik jadanik interes handia erakutsi digute esposizioa ikusgai jartzeko. Weborria eta sare sozialen bitartez jakinaraziko dugu nondik nora dabilen.
Tematika aldetik, 8 gai lantzen dituzten panel desbedinak daude. Hauen bitartez, eta fracking-ari buruzko ikuspuntu zabal bat emateko asmoarekin, testuinguru energetikoa, baliabide ez konbentzionalak, teknika, ingurumen arriskuak, alderdi ekonomikoak, baimenen egoera, instituzioetako egoera eta aurkako mobilizazioaz hausnartzen da, beti ere modu grafiko eta eskematiko batean, jendeari fracking-aren aurka gabiltzan taldeon ikuspuntua ahal den hobekien azaltzeko idearekin.
Gaurko deialdiaren azken arrazoia europar legebiltzarreko hauteskundeen arira dator. Europako instituzioetan Fracking-aren inguruko hainbat kontu erabakitzen ari direla eta gehiago erabaki daitezkeela dakigu guztiok, hala nola Europako Ingurumen Komisioak egin dituen gomendioen bitartez, edo zuzendaritzen bitartez egin daitezkeenak, gaur egun Kanadarekin edo AEB-ekin negoziatzen ari diren nazioarteko merkataritza itunen klausuletatik pasatuz. Aukera paregabea iruditzen zaigu gaurkoa euskal autonomia erkidegoan erroldaturik dauden hautagaiei fracking-aren aurkako ekimen legegilea sinatzea eskatzeko. Modu honetan, bai hautagaiek bai ordezkatzen dituzten talde politikoen fracking-aren aurkako konpromezua erakutsi dezakete modu publiko batean. Nahi izanez gero, fracking-aren aurkako lokal honetan sinatu dezakete, baina beraien agendak dagoeneko beteak baldin badaude, prest gaude ere beraien ekitaldiren batetara gure sinadura mahaiak hurbiltzeko, aukerarik ematen badigute behintzat.