Garoñak arriskutsua izaten jarraitzen du

2019/02/28
Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) orain jakinarazi duen arren, 2018ko udan 3 istripu jazo ziren Garoñako zentral nuklearraren eraisketa lanetan. ELAk gizartea informatzea eta behar diren segurtasun neurriak behar bezala hartzea exijitzen du.

2018ko udan, hilabete eskasean hiru istripu izan ziren Garoñako zentral nuklearrean. Lehena uztailaren 20an jazo zen. Iturri erradiaktiboak lekualdatzen ari zirela, zesio kapsula erori zen, berau babesten zuen beira hautsiz. Bigarrena abuztuaren 2an gertatu zen, kasu honetan lokatza erradiaktiboak jasotzeko bidoi batek gainezka egin zuen 50 litro lurrera isuriz. Azkena, guk dakigunez, abuztuaren 17an izan zen. Orduan, langileak lokatzak jasotzeko bidoi bat bitsa dariola zegoela konturatu ziren, badirudi zigilatzerako garaian izandako oker baten ondorioa izan zela.

Istripu bakoitzean eremuan zabaldutako erradiazioa neurtu zen eta kasu guztietan Garoñako zentral nuklearreko zuzendaritzak ez zuen ikusi gertaeren berri emateko beharrik. Baina CSNk obligazioa du zentral nuklearretan egiten diren ikuskaritza agiriak argitaratzeko eta horren ondorioz izan dugu istripuen berri, berandu eta gaizki.

Gertakari larri hauen aurrean, ELAk salatu nahi du Garoñako zentral nuklearra martxan zen bitartean genuena besteko arriskuan jarraitzen dugula, zentralaren jarduera bukatu arren arriskuak hor dirauela, eta eskumenak dituzten administrazioek, espainiar gobernuak kasu, gizartea ez dutela behar bezala informatzen, ez eta babesten ere. Beste interes batzuk babesten dituzte.