Garoñako zentral nuklearra ixtea eskatuko da beste behin

Hainbat sindikatu -tartean ELA-, talde ekologista eta alderdi politikok manifestazioa deitu dute datorren asteazkenerako, hilak 22, Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatuz. Manifestazioa Bilboko Arriaga Plazatik abiatuko da arratsaldeko 7:30etan 'Garoña eta beste zentral nuklearrak itxi orain!' lemapean.
Deitzaileen esanetan, “diseinatu zenean aurreikusi zitzaion bizitza epea gainditu du jada Garoñak. Guztiz amortizatuta dagoenez Iberdrola eta Endesak irabazi handiak jasotzen dituzte, negozioa egin dute gure osasunaren kontura”.
“Fukushiman jada Chernobilen igorri zen erradiaktibitatearen bostena isuri da, eta egoera oraindik ez dago kontrolpean”, gogoratu dute.
Beste elektrizitate hornidura sistema bat posible dela eta, benetako aldaketa kontsumoa gutxitu eta energia aurreztean datzala ere aldarrikatu dute. “Posible da kontsumoa %30-40 gutxitzea gure bizi-kalitatea funtsean aldatu gabe. Beharrezkoa da Euskal Herrian energia berriztagarriei bultzada ematea, alternatiba garbi eta seguru bakarrak direlako”.