Garoñaren itxiera begibistan (iritzia)

2012/10/01
Legearen arabera Garoña 2013ko uztailean itxi behar da eta Nuclenorrek ez du aukerarik luzapenik eskatzeko, horretarako ezarritako legezko epea jada bukatu da.

Azken egunetan Garoñako zentral nuklearra berriro ere albiste izan da. Irailaren 6an Nuclenorrek Garoñako zentral nuklearraren jarduera luzatzeko eskaria egiteko epea amaitu da, jarduera 2013ko uztailerarte dago onartua. Hau da Garoñaren itxierarako jarrita dagoen data, Zapateroren gobernuak bi urteko luzapena onartu zuenetik, baina PPko gobernuak 2019ra atzeratu zuen, beti ere Garoña kudeatzen duen enpresak luzapen hau eskatuko balu. Endesa eta Iberdrolak osatzen duten Nuclenorrek ordea ez du eskaririk gauzatu horretarako ezarritako epean. Orain Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak zentralaren behin betiko itxieraren deklarazioari loturiko dokumentuak aurkeztea eskatu dio Nuclenorri. Dokumentazio hau aurkezteko epea 2012ko azaroaren 6an bukatuko da.

Enpresak luzapena ez eskatzeko argudio ekonomikoak eman ditu. Industria Ministeritzak energiari, nuklearrari barne, zerga berriak jartzeko asmoa dauka. Bestalde, Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak exijitzen dizkion berrikuntzak 100 milioi euro inguru kostako dira. Guzti honen aurrean Nuclenorrek zentralaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri du. Hau izan omen da luzapen eskaera ez egiteko arrazoi nagusia. Enpresak luzapen eskaera egin ez izana Ministeritzari presioa egiteko modu bat izan daiteke, baina eskaera egiteko legezko epea pasa da.

Baina itxieraren benetako arrazoia zentralaren segurtasun falta da. Sistema elektrikoaren erregulazio marko berria jarri nahi izan dute aitzakiatzat benetako arrazoia ezkutatzeko. Fukushima ondoren egin diren esfortzu frogetan argi geratu da segurtasun neurriak falta direla. Segurtasun falta honek 120 milioi inguruko inbertsioak egitera behartzen du Nuclenor. Baina zergatik orain eta ez lehenago? Europar Batasuna dagoelako esfortzu froga horiek gainbegiratzen eta ez Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua bakarrik orain arte bezala. Behingoz gobernua/Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua/ sektore elektrikoa hirukotea gainditu egin da. Garoñaren itxiera herritarron mobilizazioak lortu duen garaipena da, Nuclenorrek ez du Garoña bere borondatez itxi, mobilizazioak gutxienez legea betetzera behartu du eta hau ez da bere gustukoa izan.

Baina oraindik badago zer egina eta horregatik ELAk espainiar gobernuari exijitzen dio zentralaren jarduera luzapena eskatzeko epea ez zabaltzeko, dagoeneko itxita egon beharko litzatekeen instalazioa delako, bai zaharkitua dagoelako, baita suposatzen duen arriskuagatik ere.

Garoñaren arriskua ageriko geratu da berriro ere udan, Belgikako Doel zentralaren itxiera ezagutu dugunean. Doelko zentralaren erreaktorearen ontziak arrakalak dituelako hartu da erabakia, Garoñako zentralak duen arazo bera. Iaz Garoña eta Fukushima instalazio bikiak zirela jakin genuen instalazio japoniar hau tragikoki ezaguna egin zenean.

Hotzikara sortzen duten kointzidentzia hauengatik eta zentral nuklear batek suposatzen duen arriskuagatik, ELAk espainiar gobernuari Garoñaren behin betiko itxiera exijitzen dio.