Garraio publikoa mugikortasunaren oinarria izan behar da
Garraio publikoaren eskumena duten gobernuek (Foru Aldundiak, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Estatua) ez dute garraio sistema hobetzeko apusturik egiten, makro obra bat egiteko aukerarik izan ezean behintzat.
Garraio publikoari ekonomikoki errentagarria izatea exijitzen zaio sarritan eta horren araberako zerbitzua eskaintzen da, ez gizartearen beharren araberakoa. Ez da berdina exijitzen ordea alferrik eraikitzen diren azpiegitura handietan (erabilerarik gabeko errepideak, AHT…) Errentagarritasun soziala lehenetsi behar da garraio publikoaz ari garenean, garraio publikoak hainbat onura ekartzen baitizkio gizarteari:
-
Garraio pribatuak baino emisio gutxiago ditu. Garraio pribatua energia fosila erabiltzen duten auto eta kamioietan dago oinarritua; garraio publikoa ordea kolektiboa da, ibilgailu gutxiago behar ditu, trenak guztiz elektrifikatuta daude, eta autobus publikoen flotaren elektrifikazioa norabide onean doa.
-
Lurraldearen kohesiorako tresna da. Hiriak eta herriak ongi komunikatuta badaude garraio publikoaren bitartez, lurraldea kohesionatuago dago eta landa eremuek ez dute horrenbeste populazio galtzen. Zoritxarrez, inbertsio faltagatik gaur egun garraio publikoaren kalitatea eta kopurua hirietatik kanpo oso eskasa da. Gabeziak handiak dira: maiztasun eskasak, linea ezeraginkorrak,… Guzti honek auto pribatuaren erabilera sustatzen du.
Orain arte garraio publikoaren erabilera sustatzeko den politikarik onena, 2022tik indarrean diren deskontuena izan da, kasu batzuetan doakotasuna ere bada. Neurri honek izugarrizko hazkundea suposatu du garraio publikoaren erabileran, beste edozeinek baino hobea.
Deskontuen aurreko datuen arabera (2021), EAEn batez besteko lanegun batean, joan-etorrien % 39,8 ibilgailu pribatuan egiten ziren, garraio publikoan % 13 soilik.
Nafarroan ere garraio publikoak joan-etorrien kuota txikia zuen: lanegunetan joan-etorrien % 13; auto pribatua zen nagusi, batez ere hiriguneetatik kanpo eta industrialdeetan, % 60-90 bitarteko pisuarekin.
Deskontuengatik lanegunetan ibilgailu pribatuaren erabileraren jaitsiera 2 eta 5 puntu artekoa izan dela diote estimazioek, bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Garraio publikoaren erabileraren hazkundea ordea handiagoa izan da, datuak oso esanguratsuak dira:
EAEko garraio publikoaren erabilera hazkundea 2023-24 artean:
-
- Euskotren (trenak eta tranbiak): batezbeste % 12,67 igo da erabilera.
- Trena Bizkaian: %12,04 %(15.046.484 bidaia).
- Trena Gipuzkoan: % 9,60 (17.466.380 bidaia).
- Tranbia Bilbon: %15,72
- Tranbia Gasteizen: % 20,68
- Euskotren (trenak eta tranbiak): batezbeste % 12,67 igo da erabilera.
- Bilboko Metroa: %8,6 (100 milioi bidaia).
- Hiriko autobusen erabilera: (2024-25) %12,8
- Renfe aldiriak + distantzia ertaina (2022-2023): %46.
Nafarroako garraio publikoaren erabilera hazkundea 2023-24 artean:
- Hiriko autobusen erabilera Iruñea eta bere eskualdean: %8,6
- Hiriarteko autobusak:
- Iruñea-Tafalla : %11,3
- Iruñea-Tudela: %18,8
- Iruñea-Gasteiz: %10,4
- Renferen distantzia ertainak: %9,3.
Datuek argi erakusten dute garraio publikoan ezarri diren deskontuek eta doakotasunak inoiz izan den garraio publikoaren erabilera hazkunde azkarrena eta esanguratsuena eragin dutela. Hau da aurrekontuetan bultzatu behar den inbertsioa: azpiegitura handiak eraikitzearen politika albo batera utzi (AHT) eta deskontuak betikotu egin behar dira, eta ahal den heinean doakotasunerantz egin behar da bidea.