Gasaren prezioa mugatzeko neurriak enpresa elektrikoen irabaziak handitu besterik ez du egingo

2022/04/28
ELAk salatu du Europar Batzordeak Espainiako eta Portugaleko gasaren prezioa mugatzeko iragarritako neurria propaganda hutsa dela eta ez duela eragin handirik izango elektrizitatearen prezioan. Izan ere, oraindik ere zehaztasun falta handia badago ere, funtsean, elektrizitatea sortzeko erabiltzen den gasari urtebetez, batez beste, 50 euroko muga jartzea da asmoa. ELAk azpimarratu du neurri horrek enpresen etekinak gehiago handitu besterik ez duela egingo. Gauzak horrela, elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema aldatzea eta energiaren prezioari benetako muga jartzea eskatu du sindikatuak, lehentasuna herritarrak izan daitezen, ez, ordea, enpresa elektrikoen irabaziak bermatzea.

“Sistema horri esker enpresa elektrikoek izugarrizko irabaziak dituzte, eta hori ez dute ukitu, ezta ukituko ere. Elektrizitatearen prezioa ezartzeko sistema aldatu behar da, baina ez dute nahi. Beste behin ere, enpresa elektrikoen presioari men egin diote”, kexu da ELA.