TRANTSIZIO EKOSOZIALA

Gases berotutako negutegi bat tomateak ekoizteko? Hau ez da behar dugun trantsizio ekosozialerako bidea

2023/05/05
Araban martxan jarri nahi den proiektu honi Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro baino gehiagoko laguntza emango dio. Nekazaritza industrial eta jasanezinari laguntzak ematen dizkio, trantsizio ekosozialerako behar dugun tokiko eta sasoiko nekazaritza ekologikoa bultzatu beharrean.

Gaubean eraikitzen ari diren negutegi honetan tomateak sistema hidroponikoarekin ekoiztuko dituzte, hau da, ez da lurrean landatzen, lur zaku batean ditu sustraiak eta berogailua izango du tomateek behar duten eta Araban ez dagoen tenperatura lortzeko. Berotegiak 5 futbol zelaiko tamaina izango du eta gasa erabiliko da berotzeko. Ekonomia deskarbonizatzearen kontrako norabidea da gasa erabiltzea, baina km0 produktu bezala salduko lukete bertan ekoiztu delako eta horrek atzean duen jasangarritasun eza zurituko luke.

Krisi ekologikoan egon arren, Eusko Jaurlaritzak 4 milioi emanez bultzatzen duen nekazal eredua baliabideak xahutzen dituena eta jasangarritasunaren guztiz aurkako da. Proiektu hau bertan behera utzi zuen enpresak errentagarritasun faltagatik eta orain diru publikoa bidegabe emanez martxan jarri ahalko da.

Honi gehitu behar zaio ekoizpen eredu horrek sortzen duen enplegua guztiz prekarioa dela. Almeria eta Huelvako negutegietan gertatzen dena aski ezaguna da.

 

ELAk defendatzen eta bultzatzen duen trantsizio ekosozialaren printzipioekin bat eginez, diruz lagundu beharreko nekazal eredua ustiategi txikiena, lurraldeari loturikoa, sasoikoa, agroekologikoa eta gazteak sektorean sartzea errazten duena izan behar da. Enplegu duina eta bizitza duinak bermatuko dituena.