Gasteiz interes pribatuen menpe (iritzia)
Ez al dugu eskubiderik nolako hiria nahi dugun erabakitzeko? Badirudi ezetz. Martxoan onartu zen Gasteizko Hirigintza Plan Orokorraren zuzenketa, gaur egungo trenbidea lurperatzea eta hiriaren iparraldetik desbideratzea planteatzen duena, baita Arriagako parkearen zati eder bat okupatuko duen geltoki intermodala eraikitzea ere. Geltoki honek autobusak, gaur egungo trena eta etorkizuneko abiadura handiko trena (AHT) hartuko omen ditu. Bi azpiegitura hauei hotel bat, bulego eraikin bat eta merkatal zentro bat gehitu nahi diete, interes pribatuei men eginez.
Hiritarrok arazo sozialei, ekonomikoei eta ingurumenekoei aurre egingo dien hirigintza behar dugu eta ez ondare naturala, nekazal lurrak eta zonalde berdeak suntsituko dituena plan hau. Hiri kohesionatua, justua eta ekologikoa eraikitzeko helburua alde batera utzi da, ondorengo belaunaldiekiko izugarrizko arduragabekeria burutuz.
Ez du garraio jasangarriaren aldeko benetako apusturik egiten. Alde batetik garraio publiko intermodala proposatzen du, izatez positiboa dena, baina aldi berean autoaren erabilera bultzatzen du, periferian kokatzen delako eta bertara joateko autoa hartu behar delako. Oinez, bizikletaz eta garraio publikoz akzesibilitatea irabaztea izan behar da helburua, eta ez autoaren erabilera handiagotzea.
Gainera geltoki intermodal hau AHTren geltoki bezala planteatzen dute. Proiektu honen aurka ditugun arrazoiak AHTren aurka ditugunaren berdinak dira: bi proiektuek eredu antisoziala eta ingurumenarekiko errespetu falta dute komunean.
Geltoki honentzat aukeratu den kokapena ere onartezina da. Hiriaren kanpoaldean egoteak beste garraiobide bat erabiltzea derrigortzen du hiriaren zonalde erabilienetara iristeko, esaterako hiriaren erdialdera edo unibertsitatera joateko.
Arriagako parkearen zati handi baten okupazioa suposatzen du eta hori onartezina da. Zonalde berdeak beharrezkoak dira hiritarren bizi kalitaterako eta ingurumenarentzat.
Beste alternatiba batzuk posible dira, esaterako egungo trenbidea dagoen lekuan lurperatzea eta intermodala Renferen tren geltokia dagoen lekuan egitea. Horrela trenbideak suposatzen duen oztopoa desagertuko litzateke eta hegoaldeko auzoak gainontzekoekin hobeto komunikatuko lirateke, hiria hobeto egituratzea ahalbideratuz.
Udalaren osoko bilkurak, proiektuari aurkezturiko 440 alegazioak baztertu zituen, hiritarren iritziei entzungor eginez. ELAren alegazioak barne, non, iraunkortasun, justizia sozial eta hiritarren partehartze irizpideak aplikatuz, proiektua birplanteatzea eskatzen genuen.
Horrelako prozesuak gardenak, informatuak eta partehartzaileak izan behar dira. Etorkizuneko hiriaren inguruko hausnarketak ahalbideratzea eta hiritar guztiok parte hartzea nahi dugu. Eztabaida honetan hiriko eragile sozial ezberdinek parte hartu behar dute (bizilagunak, elkarteak, ikastetxeak, unibertsitateak,…).
Arrazoi guzti hauengatik, ELAk geltoki intermodalaren eta trenbidearen lurperatzearen proiektua birplanteatzea, hiritarren iritzia kontuan izatea eta jendea informatzea eskatzen du. Arriagako parkea ez ukitzea exijitzen dugu. Alternatiba egokiagoak eta Gasteizko hiritarren beharrei hobeto erantzuten dietenak azter ditzatela.