Gipuzkoako erraustegiaren aurkako jardunaldiaren balorazioa
Hizlari nagusia Piotr Barczak izan zen, Europako Ingurumen Agentziako Hondakinen Arduradun Teknikoa. Garrantzitsua da azaltzea erraustegia aukerarik txarrena dela aldarrikatzen ari garen eragileak eta pertsonak guztiz ados gaudela Europako Ingurumen Agentziaren posizioarekin (Europako Ingurumen Agentziak hondakinen kudeaketaren inguruan duen jarrera gehiago ezagutzeko, hona hemen Piotr Barczaki eginiko elkarrizketa). Hauek dira Piotr Barczakek jardunaldian eginiko adierazpen esanguratsuenetakoak, eta badaki zerbait gaiaz:
- Erraustegiak ez dira ekonomikoki errentagarriak.
- Erraustegiak ekonomia zirkularraren aurka doaz.
- Erraustegiak klima aldaketa azeleratzen du.
- Energia sortzeko eta hondakinak kudeatzeko aukerarik garestiena dira.
- Hiri hondakinek ez dute balio energia sortzeko.
- Birziklapenak erraustegiak baino 10 aldiz enplegu gehiago sortzen du.
- Hondakinak biltzeko sistemarik hoberena atez atekoa da.
- Konpostaje kolektiboa edo banakakoa bultzatu behar da.
- Erraustegia eraiki eta hurrengo urtetik aurrera birziklapen tasak jaitsi egiten dira.
- Zabortegira edo erraustegira doazen hondakinen % 90a birzikla daiteke.
- Ezin baditugu herritarrak honetaz konbentzitu, emaitzak hobetzeko pizgarri ekonomikoak eskaini beharko dira.
- Berrerabili edo birziklatu ezin dena gaizki diseinatua dago, beraz birdiseinatu egin behar da.
Sindikatuen mahai ingurua ere izan zen, non sindikatuek gure kezkak eta aldarrikapenak azaldu genituen erraustegiaren inguruan, beti ere gure eguneroko lan sindikalean lantzen ditugun gaiei lotutakoak. Landutako gaiak hauek izan ziren: lan osasuna, ingurumena eta enplegua, eta parte-hartzea eta demokrazia. Mahai honetan atera genituen ondorioak argiak izan ziren:
- Erraustegiak eta berak sortutako toxikoak kaltegarriak dira bertan lan egiten duten langileentzat, baita bere inguruan bizi eta lan egiten dutenentzat ere.
- Erraustegiaren eraikuntza lanetan ari diren langileen baldintzak esplotazio egoeratik gertu daude. ELAk hainbat salaketa jarri ditu eta dagoeneko baditugu sententzia batzuk irabazita.
- Erraustegiak enplegu gutxi sortzen ditu, eta etorkizunik ez duten enpleguak dira.
- Hondakinen kudeaketa iraunkorrak enplegu gehiago sortzen du, enplegu iraunkorrak eta etorkizuna dutenak dira.
- Hondakinen kudeaketa iraunkorrak enplegu gehiago sortzen du beste sektore batzuetan: bigarren eskuko objektuen errekuperazioan, ontzien bilketa eta berrerabiltze sistemetan, materialen birziklapenean,...
- Langile klaseak badauka iritzia emateko eskubidea erraustegiaren inguruan, baina ez zaigu partehartzeko aukerarik ematen.
- Nahi dugun eta behar dugun hondakinen kudeaketako sistema erabakitzeko eskubidea dugu.
- Herritarroi egin beharreko kontsultak onargarriak eta beharrezkoak ziren EAJ oposizioan zegoenean, baina baita orain ere, Aldundian gobernatzen ari denean.
Jardunaldiak arratsaldez jarraitu zuten Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) lehendakari-ohia den Ainhoa Intxaurrandietaren “Angula Ustelak” aurkezpenarekin. Gaur egun Kontuen Epaitegian auziperatua dago Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu-ohiarekin batera, erraustegiaren proiektua bertan behera utzi zutelako. Bere aurkezpenean azaldu zuen erraustegiaren proiektuaren atzean zer nolako trama zegoen antolatuta.
Kontu Epaitegian ireki dagoen kausa honetan, diru publikoa modu ezegokian erabiltzea leporatzen zaie eta 41 milioi euro itzultzea eskatzen zaie. Kantitate hau kostatu zen enpresei eman beharreko indemnizazioa eta bankuei ordaindu beharreko finantziazio kostua. Gastu hauek Intxaurrandieta eta Errazkinek firmatu ez zituzten kontratu batzuetatik datoz, Aldundiko aurreko gobernuak sinatu zituen, bazekitenean jada erraustegia geldiarazi egingo zela. Beraz intentzio txarra aurreko aldundiarena izan zen, eta ez hauteskunde kanpainan hitzemandakoa bete zuten bi politikariena. Epaiketa apirilaren 12an izango da Madrilen. ELAren elkartasun guztia bientzat.