Gipuzkoako Foru Aldundiak 2020ko hondakinen kudeaketa datu txarrak ontzat eman ditu

2021/05/13
José Ignacio Asensio Ingurumen Diputatuak 2020ko hondakinen datuak argitara eman berri ditu eta nahiz eta datuak ez duten ia hobekuntzarik suposatzen aurreko urteetako datuekin alderatuta, datuak oso onak direla adierazi du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatuak argitara eman berri dituen hondakin datuen aurrean, ELAk kezka besterik ezin du adierazi. 2020ko datuek ez dute inongo hobekuntzarik suposatzen, beraz gaur egun dugun bilketa sistemak goia jo duela besterik ezin dugu esan. Egoera kezkagarria da benetan. Egoera hau baieztatzen dute ondoren adierazten diren 2020 datuek:

 

  • 2020an gaiakako bilketa %57,96koa izan zen, 2019an %57,13a izan zen bitartean. Bilketa selektiboak ez du hobekuntzarik izan eta datu hau hobetu ezean birziklapen tasek nekez egingo dute gora.

  • Birziklapen tasa %55,24an kokatu da, Europako Zuzentarauak 2025erako ezarrita duen %55eko helburua betez. Lorpen hau Zubietako erraustegiarekin lotu du Asensiok, helburua lortzeko azpiegitura egokiak ditugula adieraziz. Ulertezina da ELArentzat erraustegia eraikitzea birziklapen tasa hobeak lortzearekin lotzea, bata bestearen kontrakoak baita.

  • Hondakin organikoek 2 puntuko igoera izan dute 2020an, %49,56ra iritsiz. Oso datu eskasa da, kontuan izanik hondakin organikoak direla sortzen diren hiri hondakinen erdia. Azken 5 urteetan, 2015etik 2020rako epean, 20 puntuko igoera izan duela ikusirik, azken urtean eman den igoera penagarria da. Orain arte martxan zeuden bilketa sistema selektiboak aldatu izanak gutxinaka hondakin organikoen birziklapen tasak motelaldian sartzea ekarri du. Eta motelaldi hau Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu dituen azpiegituren, eta batez ere, erraustegiaren ondorio kaltegarria da.

  • Gaika biltzen diren beste hondakinei dagokionez, beira, papera eta ontzi arinen gaikako bilketak beherakada izan du. Beiraren %79, paperaren %77 eta ontzi arinen %67 bildu dira bereiztuta. Datu hauek puntu bat egin dute behera, batez beste. Oraindik margen handia dago frakzio hauek bereiztuta jasotzeko, eta hala ere, beheranzko joera izaten ari dira.

 

Datu hauek ikusita, kezkatu besterik ezin gara egin. Asensio jaunak datuak hobera egin ez duten kasuetan pandemiari botatzen dio errua. Eta bere ustez onak diren datuak, erraustegiari esker omen dira hala. Azken hamarkadan lortutako hobekuntzetan atzera egitearen inguruko hausnarketarik ez dago.

Benetan duten helburua zein den esan beharko luke, hau da, errustegiaren negozioak aurrera jarrai dezan nahikoa erregai izatea, eta horretarako ez zaie komeni bilketa selektiboa eta birziklapena gehiegi bultzatzea. Bestela zer erreko lukete? Industria hondakinak? Badirudi hurrengo pausua hori dela, dagoeneko Arantza Tapia eta Markel Olano ari dira aukera ireki nahian. Zaldibarkoaren ondoren ez dakite zer egin hondakin hauekin eta erraustegiari jaten eman behar zaio. Hurrengo hilabeteetan adi.