Gipuzkoako Ingurumen Diputatuak bereak ez diren merituak beretzat hartzen ditu

2019/06/11
Maiatzaren 17an Birziklapenaren Nazioarteko Eguna izan zen eta noski horrelakoetan gertatzen den bezala, agintari ugari atera zen esanez inoizko birziklapen datu onenak ditugula beraien lanari esker. Klasiko bat. Horietako bat izan zen Gipuzkoako Ingurumen Diputatua, Asensio jauna.

 

Ingurumen Diputatuak Gipuzkoako Ingurumen Gune deritzanean (Zubietan) martxan jarri berri den tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) plantak lehen 20 egunetan eginiko lan paregabea aurkeztu zigun. 600 tonatik gora errefusa tratatu da epe honetan eta 50 berreskuratu dira, hau da TMBak errefusaren %8 berreskuratu ditu. Baina azter ditzagun datuak behar diren bezala. 2018an Gipuzkoan hondakinen %52,41 birziklatu zen, eta 2019an %60ra iritsiko omen da Zubietako azpiegiturei esker, TMB eta erraustegia tarteko.

Baina mankomunitate bakoitzean birziklapen tasa oso ezberdina da. Badira %70etik gora birziklatzen dutenak, esaterako Debagoiena (%77,03) edo Sasieta (%76,5). Baina badira Gipuzkoako batez bestekora gerturatzen direnak edo azpitik daudenak ere, esaterako Debabarrena (%53,55), Txingudi (%51,26) edo San Marko (%46). Aipamen berezia behar du Donostiak, %39koa baita birziklapen tasa. Leku batzuetan ia bikoiztu egiten da birziklapen tasa. Baina zergatik hainbesteko diferentzia? Ez dago misterio handirik. Hondakinen bilketa sistemak du meritua. Hondakinen bilketa selektiboa derrigorrezkoa den lekuetan datuak oso onak dira. Aldiz bosgarren edukiontzia duten, eta are okerrago 5. edukiontziaren erabilera aukerakoa den lekuetan, datuak oso kaskarrak dira. Hain kaskarrak, 2020rako Europan dugun helburua betetzetik oso urrun daudela. 2020rako hondakinen %50 birziklatu beharko da, eta Gipuzkoako batez bestekoa %60ra iritsi daitekeen arren, tokian tokiko datuei erreparatuz, Europako helburua lortzetik urrun gaudela esan behar dugu.

Asensio jaunak tranpa egiten du birziklapen tasa eta Zubietako azpiegiturak erlazionatzen dituenean. Gipuzkoako birziklapen tasaren batez bestekoa hain altua izatea ez da Zubietan berreskuratuko den errefusaren %8ari esker izango. Hainbat Mankomunitate eta udalerrietan egiten den derrigorrezko bilketa selektiboari esker izango da. Ez ditzala hartu Diputatu jaunak bereak ez diren merituak. Berari “esker” birziklapen tasek behera egin baitute bilketa sisteman derrigortasuna ezabatu duten herri askotan.